Euskararen Jatorria Elkarteak, beste batzuen artean, Joxemiel Barandiaran izan zuen gogoan Diman izan zen eta etnografia landu duen 7. Biltzarrean. Ikerle honek planteatutako eta geroztik milaka aldiz eztabaidatutako gaiari heldu diogu, argitasun apur bat lortu nahian. Izan ere, tubalistatzat eta azientifikotzat hartu baitute orain ez denbora asko Euskal Herrian izan dugun etnologorik ospetsuena. 10 ikuspuntu aztertu ondoren, aitz erroa paleolito garaikoa izan daitekeela eta Joxemielek asmatu omen zuela ozenki aldarrikatu behar dugu, bere ikerle sena eta izen ona garbitzearren ez bada ere. Gainera, besteak beste, Antonio Tovar, Menendez Pidal edo Arturo Campion ere iritzi berekoak zirela esan beharra dago.
1. Antzekotasunaren printzipioa. Hizkuntzalaritzan erlazioak sortzeko erabiltzen den lehenengo araua da. Berez ez da bakarrik erabili behar baina bada azterketa bat egiteko lehenengo urratsa. Latinez pater eta gaztelerazko padre-ren arteko harreman hori antzekotasun printzipioa aplikatuta ikusi daiteke. Euskaraz ere aizkora, aiztoa, aitzurra, ... hitzen eta aitz-en arteko antzekotasuna erabatekoa da eta beraz, hemen ere, antzekotasunaren legea aplikatu beharra dago, injustizia linguistikoan jauzi nahi ez badugu behintzat.
2. Euskarazko aitz errodun hitzak ez dira latinetik etorri. Sarritan entzun izan dugu, eta iaz gogoratu digute, aitz erroa duten euskal hitzak latinetik omen datozela. Hori esan duenak latin hiztegirik ez duela ezagutzen dirudi: aitzurra: ligo, bidentis; aizkora: ax, securis, asciola; aiztoa: ferro, culter, novacula; azkona: auge; azpila: bin, fossa, lacus; zulakaitza: dola tibi. Hau da, latinezko hitzen artean ez dago loturarik, ez dira familia berekoak eta ez dute zerikusirik euskarazko hitzekin.
3. Aitz errodun hitzen etimologien gardentasuna. Erro hau duten hitz gehienek etimologia argia dute, euskarazko hitz gutxik duten bezain argi. Esaterako aiztoa: aitz txikia (Naberan: aitz burua ere izan liteke); azpila: aitz biribila; aitzurra/atxurra: lurra (lantzeko) haitza/atxa (Naberan: lurra urratzeko haitza/atxa); aizturra: aitz-tur (Naberan: dorredun aiztoa?); zulakaitza: zulatzeko aitza; azkona: atx ona?. Ikusten denez, hitz gehienetan, etimologiak hitz hauen esanahia argitzeko lan gutxi egin behar izan du.
4. Asciola / aizkoraren eta beste hizkuntzen ATX (ACH-AX-AZ) erroarekiko antzekotasunak. Zalantzadun bikote bat dago: asciola eta aizkora. Bi hitz hauek konposatuak dirudite, luzeragatik eta lehenengo osagaiek beste hizkuntza askotan agertzen den ATX diruditelako. Adibidez, portugeseraz: mACHado; gazteleraz: hACHa eta mACHete; ingeleseraz: AX, AXe; italieraz: AScia ere; alemanieraz: AXt; sajoniera zaharreraz: ACHus eta AKus; frantsesera zaharraz: AXa. Edo antzeko hitz bat, opatxurra ingeleseraz: ADZ, ADZ; gazteleraz: AZuela. Eta aitzurra gazteleraz: AZada. Hitz guzti hauek ikusita, jarraikortasun bat ikusten da ATX, ACH, AX eta AZ erroen artean, asciola eta aizkora hitzaren lehenengo osagaiak izan daitezkeenak.
5. ATX eta AIZKORAren etimologiak. Aizkora izendatzeko Europako mendebaldean erabili diren hitzen eta euskarazko hitzaren etimologiek argiak dirudite. Batetik atx eta bere aldagaiak (ax, axt, axa, hacha…) atx (aitz) zati bat izan daiteke. Izan ere, gizakiak sortutako lehenengo aizkora horixe baitzen, atx zati bat, hobeto moztu ahal izateko inguruetan zorroztuta zegoena. Mendebaldeko toponimian eta terminologian ere horrela erabiltzen da gaur egun ere: atx (Atxarte, Atxuri...).
Bestetik, aizkoraren etimologia ere sinplea litzateke: aitz-ora (Naberan: oratzeko lekua duen aiztoa:) edo aitz-kora (lotutako aitza; korapilo hitzean bezala: kora + pilo). Etimologia bi hauek logikoak bezain sinpleak dirudite.
6. Genetika. Joxemiel Barandiaranek, bere ikerketen ondorioz plazaratu zuen teoria, hau da, euskal populuak hemen gutxienez 8.500 urte daramatzala baieztatu zigun orain 7 urte The Origins of de British idatzi zuen Stephen Opphenhaimerren lanak. Gainera epe hau 15.000 urtera luzatu zuen. Harrigarria izan da albiste garrantzitsu honek hemengo hedabideetan izan zuten oihartzun eskasa, gure historia idazteko urrezko informazioa eman ondoren. Teoria hau baieztatu izanak aitzen teoriari izugarrizko bultzada eman dio. Izan ere, euskaldunok milaka urte hemen bizi izan bagara, eta mendebaldeko Europa KEAL aterpetik (Kantabria - Euskal Herria eta Akitania Lurraldeak) populatu bazen paleolito garaian, gure arbasoek hemengo hitza Europatik zabaldu zutela pentsatzea logikoa da.
7. Euskararen egonkortasuna. Euskal Filologiako zein beste filologietako irakasle askok hizkuntza guztiak, euskara barne, etengabe eta erritmo berean aldatu direla esaten dute, ziurtasun osoz gainera. Arabako Iruñako ostrakek teoria hau hankaz gora jarri diete eta, horregatik, zenbait filologok faltsuak direla esaten dute, eta ahalegin handiak egiten ari dira datazioak egin ez daitezen. Bitartean, mundu osoan hondakin arkeologikoak datatzen dituzte, aurkitutako gauzak baliagarriak diren ala ez ziurtatzeko.
Bai, badirudi euskara oso gutxi aldatu dela, eta, Arabako Iruñako ostrakez gain, badira horixe dioskuten beste adibide asko. Esaterako, Akitaniako orain 2.000 urteko hilarrien izenak: andere, bihoxs, bors (bost), hars (hartz), gison, laur (lau), sahar, nescato, umme... Edo Donemiliagan Rejan dauden orain 1.000 urte idatzitako Arabako herrien izenak, gaur egungo izenen ia berdinak direnak: Hazpurua, Haztegieta, Haizcoeta, Haizpilleta, Harrieta, Harriolha, Harrizavallaga...
8. Toponimia. Baina Barandiaranen teoria zuzena dela pentsatzeko argudio gehiago dago oraindik, ekialdeko aitz eta mendebaldeko atx erroez osatutako ehunka toponimo ditugulako: Atxarte, Aizkorri, Lemoatx, Udalatx/Udalaitz, Untzilatx, Akaitz, Allaitz… Toponimia zaharrenetan zaharrena dugu hizkuntzan eta izen horiek erromatarrek jarritakoak izatea zaila egiten zaigu, haiek gutxi zapaldutako eremuetan daudelako gainera. Hau da toponimia eta tresna hauen etimologiak bide beretik doaz.
9. Aizkorak, aiztoak… “aitzez” egiten dira. Joseba Lakarrak ere esana du Barandiaranen teoria ezin dela zuzena izan aiztoa, aizkora, aitzurra... harriz egiten zirelako eta ez aitzez. Baina ere hori ez da horrela, eta wikipedian bertan irakurtzen denez, hainbat material erabiltzen ziren tresna guzti hauek egiteko: harriak, obsidiana (aitza), silexa (aitza), etab.
10. Harri eta aitzen arteko lotura semantikoa. Eta aurreko puntuan esandakoa gutxi balitz, esan beharra dago atx/aitz eta harri hitzen arteko nahasketa semantikoa leku batean baino gehiagotan dagoela: arkaitza, Aiako Harriak (mendi bat da baina hala ere aitz erroaren ordez harriak du osagai gisa), Arriolatx, Pardarri, Arraitz… Beraz, mendi izen batzuetan harri izena gaur egungo aitza izendatzeko dagoela esan genezake. Eta silexa=sukarria ere badugu, harri osagaia badu ere, izatez, aitza da. Gainera, euskarak paleolito garaira eramaten gaituen beste hitz bat gehiago dugu, gure arbasoek sua egiteko sukarria erabiltzen zutelako, bere hitzak adierazten duen bezala.
Orain arte aipatutako 10 arrazoi hauek kontuan hartuz, logikoa da pentsatzea aitz erroa duten hitz horiek paleolito garaikoak direla eta euskarak bere horretan eutsi diela. Eta Barandiaranek seguruenik asmatu zuela. Eta hori horrela balitz, ondo legoke euskara batuan familia bereko hitz guztiak berdin idaztea, aitz ere hatxerik gabe alegia. (Artikulu honi buruzko eztabaida Euskonews-en ikusgai).
Erantzun
Sartu