Badu Bada
Badu Bada, euskara mundu eleanitzean. Erakusketa San Telmo Museoan (Donostia). 2012/11/16 - 2013/02/17. Euskararen iraupenaz, mundu eleanitzaz eta hizkuntzen arteko bizikidetzaz hausnartu eta eztabaidatzeko gunea da erakusketa.
Artikuluak
Ilaski Serrano: “Aisialdia euskaraz egon behar da. Kupoa jarri behar dela? Ba kupoa jartzen da!”.
Luisa Etxenike: “Euskarara pertsuasioaren bidetik gerturatu behar gara, ez tentsioarenetik”
Luisa Etxenike idazlea izan zen joan zen ostegunean Badu Badako gida berezia, eta ohiko bisitari bere begirada eta bizipenak gehitu zizkion. Ezer baino lehen, galderazko bisita partekatua egiteko gonbitea egin zien bertaratutakoei. Izan ere, bere ustez hori baita erakusketaren hutsuneetako bat, “erakusketa informatzaileegia da, eta ez hainbeste galdetzailea”.
Luistxo Fernandez: "Eguneroko bizitzaren beste kanal bat da internet, eta euskara hor dago bizi delako"
Luistxo Fernandez eta, bere ironia eta zorroztasuna izan genituen atzo gidari berezi Badu Bada erakusketan.
Kazetaria izan zen Luistxo bere aurreko bizitzan, egun ordea, interneten munduan egiten du lan, besteak beste, interneterako euskarazko tresnak sortzen Codesyntax enpresatik. Horregatik, kode binarioan pentsatzen du berak, “1010 11 1 0 111000 101001” diote Luistxoren ametsek.
Ramon Etxezarreta: “Euskara hizkuntzagoa izan behar da sinbolo baino”

Amets Arzallus: “Euskeran alde zer egin behar da? Lehenengo behintzat hitz egin”
Bisita gidatu bereziekin hitzordua izan zuen atzo Badu Badak. Bisitariak erakusketa Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolarien begietatik eta bihotzetatik ikusteko aukera izan zuen. Zapietan puntual bildu ziren denak Badu Badako erakusketako sarreran eta, bertsolariek ohi duten gisara, agur bana botaz hasi zuten jarduna. Hara, Maialenena:
Arratsalde on lehenbizi
ta erlajazatu zaitea
ia denok lotzen dugun
erakusketan katea
gure hizkuntzaren hotsa ia bada
mezu bat bete betea
espero degu gure hitzak ere
zer esana izatea
Eta izan zuten, bai. Hemen lagin txiki bat.
Harkaitz Cano: "Munduko zein beste lekutan da arazo gehiago jakitea gutxiago jakitea baino?"
Ikusmina piztu zuen Harkaitz Canoren bisita gidatuak. Idazle errekonozitua eta saritua da, baina, gainera, erakusketako gidoilarietako bat ere bada. Eta horrek ematen zion bisitari besteek izango ez duten aukera bat: erakusketaren tripak ezagutzekoa. “Euskararen inguruan erakusketa asko egin daitezke baina, guk ez genuen ezer historikoa egin nahi, eta egin zitekeen bide zailenetik egitea erabaki genuen: erabilerarenetik”.
Iñaki Perurena: “Hizkerak, hezikerak eta izakerak egiten du bat euskaldun”
Bihotzetik egin du Iñaki Perurenak bere Badu Bada. Halaxe jarduten da bere etxean ere, Peru Harrin. Natural. Hori jaso dute gaurko 20 bisitariek, hasieratik sartu baitira jokoan, elkarrizketa gisako batean. Argi utzi du hori hasieratik Perurenak berak. “Bisita hau ez dut nik egingo, denok egingo dugu, taldean”. Esan eta izan.
Zazpiak Batmanek jarri du martxa Badu Badaren errota
Zazpiak Batman zikloia pasa zen atzo Badu Badatik, eta beren arrastoa utzi zuten erakusketan. Ondo utzi ere. Denon ikusgarri.

Asisko Urmeneta eta Antton Olariaga errotuladorea eskuetan eta, Kike Amonarriz xaxatzaile ofizial lanetan, martxan jarri zituzten bertaratutakoen errotak (errota martxan jarri=buruari eragin, Olariagaren hiztegian).