Bernedoko Euskal Udalekuetako hezitzaileek Instagrameko JPG batzuen bidez zabaldu dute agiria udalekuaren inguruko polemika dela eta. Testu eran dakarkigu hona. Polemika da Bernedeko dutxak mistoak direla, eta begiraleek 13 eta 15 urte bitarteko neska-mutilak modu elkarrekin dutxatzera behartzen dituztela salatu dutela. Sareetan eta hedabide batzuetan guraso omen diren batzuek egin dituzte salaketa horiek. Hezitzaileek diote aldiz inor ez dutela behartzen. Albistearen ikuspegi batzuk Orainen, Argian eta Berrian. Jarraian, hezitzaileen oharra.
Azken aldian Bernedoko Euskal Udalekuei buruz zabaltzen ari diren mezuen aurrean, proiektuaren parte garen hezitzaileok hitza hartzea erabaki dugu. Hainbat salaketa publiko egin dira udalekuetako jarduteko moduez, batez ere, dutxa mistoak aipatuz, haur eta gazteak elkarrekin biluztera behartzen ditugula esanez eta zaintzen ez ditugula edota inkomunikatuta edukitzen ditugula leporatuz. Hau guztia errealitatetik oso urrun dagoen kontakizun batetik abiatu da, udalekuetako jarduna mezu transfoboak zabaltzeko erabiliz. Egin den zabalpen mediatikoan sentsazionalismoa eta morboa sustatu dira, eta barne-komunikazioko elkarrizketak argitaratu. Adin txikikoez ari garenez, ardura sentitzen dugu gaia tentuz tratatzeko, eta horregatik ez dugu orain arte publikoki ezer adierazi. Hala ere, une oro egon gara gurasoekin harremanetan, eta beti eman dizkiegu erantzun indibidualizatuak haien behar eta kezkei.
Komunikazio-bide pribatu zein publikoetatik hezitzaileon aurkako mezuak, erasoak eta difamazioa helburu zuten diskurtsoak jaso ditugu. Gure gaitzespena adierazi nahi dugu halakoen aurrean. Dena den, gehiago izan dira jaso ditugun mezu positiboak eta babes-keinuak, eta eskerrak eman nahi dizkiegu ondoan izan ditugun haur, gazte eta ingurukoei.
Arduraz bizi dugu sortu den egoera eta ulertzen dugu familiengan zein proiektua ezagutzen dutenengan sortu ahal izan den ezinegona. Haur eta gazteen ongizateari eta familien konfiantzari ematen diogun garrantziagatik, gertaeren gaineko gure irakurketa plazaratu nahi dugu.
Gurea feminismoa, euskara eta auzolana oinarri dituen proiektu autogestionatua da. Euskal Herriko haur eta gazteei balio horietan oinarritutako udalekuak eskaintzen dizkiegu, ahalik eta preziorik eskuragarrienean, hezitzaileen urte osoko borondatezko lanari esker. 50 urteko ibilbidea dugu, eta milaka izan dira urte hauetan proiektutik igaro diren haur, gazte eta ez hain gazteak. Aurtengo udan ehunka pertsona elkartu gara udalekuen bueltan, aisialdi parte-hartzailea ere hezkuntza eraldatzailerako esparru garrantzitsua dela sinesten dugulako. Borondatezko lana eta autoeraketa ditugu oinarri, diruaren logikatik at funtzionatzen duten harremanak, egiturak eta antolaketak bultzatuz.
Haur eta gazteen parte-hartzea ere proiektuaren erdigunean dago. Gurea etengabe moldatzen den proiektu bizi bat izaki, ongi etorria da ekarpen oro, baita kezkak eta zalantzak ere.
Argitaratu diren gezurren aurrean, esan gabe doa haur eta gazteak etengabe edukitzen ditugula zainduta eta txanda bakoitzean hamaika bisita egiten ditugula medikutara. Era berean, aldez aurretik jakinarazten da udalekuetan ez dela deirik egingo eta mugikorrik ez eramateko. Edonola ere, beharrezkoa den kasuetan berehala jartzen gara familiekin harremanetan, eta haur eta gazteei ere eskaintzen diegu horretarako aukera hala behar denean. Alegia, gure lana arduraz eta profesionaltasunez egiten saiatzen gara, haur eta gazteen beharrak erdigunean jarriz.
Bestalde, bide pribatu zein publikoetatik jasan ditugun eraso transfoboak erabat gaitzesten ditugu. Transfobo diogu dutxa mistoen harira gorroto-mezuak zabaldu direlako, sare sozialetan zein hedabideetan. Horren aurrean, beharrezkotzat jo dugu gure oinarri ideologikoak argitzea eta gure egiteko moduen zergatiak azaltzea.
Gure hezkuntza-proiektua balio transfeministetan oinarritzen da, eta identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak sortzea du helburu. Aniztasuna oinarri, hezkidetza bermatuko duen testuingurua sortu nahi dugu, pertsona bakoitzaren berezitasunak onartuz. Ikuspegi horretatik egiten dugu lan, genero-estereotipoak hautsiz eta ezberdintasunak sor dezakeen deserosotasuna heziketarako aukera gisa ikusiz. Udalekuetako ekintza oro da elkarbizitza, autonomia eta elkarrekiko zaintza lantzeko tresna, baita dutxak ere. Hauek ere, higienerako leku soil izateaz harago, gorputz guztiak normalizatzeko, estigmak apurtzeko eta lotsatik eta sexualizaziotik askatzeko aukera bat dira.
Gure gizartean komunak eta dutxak pertsonak logika binario batetik eta generoaren arabera banatzeko tresna dira. Banaketa horrek, hainbat gorputz eta identitate baztertzeaz gain, deserosotasun eta diskriminazio egoerak eragiten ditu. Espazio mistoekin haur eta gazte guztientzako leku seguruak bermatzea da gure egitekoa, aldez aurretiko genero-identifikazio beharrik gabe. Proposamen hau politikoa eta, beraz, etikoa da: inposatutako binarismoa zalantzan jartzen du, gorputzen normalizazioa bultzatzen du eta ingurune bizigarriagoak eraikitzen lagundu nahi du. Hau ez da haurrengandik eta gazteengandik isolatuta dagoen proposamen bat. Egoera berariaz azaltzen zaie, eta horri buruz hausnartzeko baliabideak eskaintzen zaizkie. Gure helburu nagusia espazio hezitzaile eta seguru bat sortzea den heinean, haien zalantzak eta kezkak entzuteko eta lantzeko denbora hartzen dugu.
Dena den, jakin badakigu biluztasuna sexualitatearekin lotzen dela gizarte honetan. Biluztasunaren eta generoen arteko harremanaren desexualizazioa lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu hainbat biolentzia motatatik babesteko, eta sinesten dugu dutxa mistoak sexualizazio hori deseraikitzeko leku izan daitezkeela. Era berean, biluztasunak duen karga sozialak haur eta gazteengan deserosotasunak sor ditzakeela jakinda jarduten dugu. Hori aintzat hartuta, haien segurtasun eta ongizatearekiko arduraz eta konpromisoz aritzen gara. Espazio seguruak sortzeko bermeak jartzen ahalegintzen gara, dutxak ere, ekintza oro bezala, gainbegiratuz eta zainduz: ez dugu inor behartzen besteen aurrean biluztera, eta akonpainamendua eta alternatiba pertsonalizatuak eskaintzen ditugu kasu bakoitzean.
Hori guztia, gainera, udalekuen aurretik hezitzaileen artean eta udalekuetan zehar haur eta gazteekin egiten den lanketa sakon baten emaitza da. Generoarekin lotutako gaiak lantzen dira udalekuan zehar, eta hezitzaileok erreferente eta babesgune izaten saiatzen gara, nahiz eta badakigun espazio arrotza izaten jarraitzen duela batzuentzat. 15 egunetan egoera errotik aldatzea ezinezkoa dela jakitun garen arren, ahalegina egitea merezi duela uste dugu, urtez urte emaitza oso positiboak ikusi ditugulako.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuarekin bat egiten dutenei, baita jasandako erasoen aurrean babesa adierazi diguten guztiei ere. Euskaratik, feminismotik eta auzolanetik, haur eta gazteen gozamena eta heziketa ditugu helburu, eta beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako hezkuntza-ereduak bermatzea. Komunitate osoaren konpromisoa ezinbestekoa da horretarako. Guk lanean jarraituko dugu.
Argazkia: Bernedo udalekua, cc-by-sa, Wikipedia.
Erantzun
Sartu