Teknologia albisteak

Teresa del Valle antropologo feminista hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-04-09 : 08:04

Atzo hil zen, 88 urterekin, Teresa del Valle antropologo feminista donostiarra. Antropologia feminista proposatzen eta egiten aitzandaria izan Teresa del Valle, ikuspegi kritikoz. "Euskal matriarkatuaren" mitoa bere termino historiko eta errealistetan kokatzen lan egin zuen, adibidez. EHUko Antropologia Femnista Ikerketa Taldeak hala aitortu zuen Pioneras / Aitzindariak (online ikusgai) izeneko dokumentala ekoiztean, berari eta beste figura batzuei eskainia. Artikulu honetako irudia, dokumental horretakoa da.

Gizarte-antropologian kritika feminista sartzeaz gain, beste ildo batzuk ere landu zituen bere ezagutza arloan: hiri-antropologia; antropologia politikoa; memoriaren etnografia; metodologia kualitatiboak. Eusko Ikaskuntzak eta Laborak Kutxak Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria eman ziotenean 2018an, hala nabarmendu zuten: “Bere ibilbide pertsonala eta profesionala gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren esparruan oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgarri egin eta nazioartera zabaltzean ere”.

Teresa del Valle Donostian jaio zen eta 21. urterekin, Mesedetakoetan moja sartu zen, baina berehala 1960an Estatu Batuetara joan zen, eta han ikasketekin jarraitu zuelarik Antropologian graduatu zen, eta ikerketa eta dozentziara dedikatu zen harrezkero, lehenbizi AEBetako zenbait unibertsitatetan.

1979an itzuli zen Euskal Herrira eta EHUrekin egin zuen lan batik bat harrezkero. EHUn 1984. urtean antropologia feministaren alorreko lehen ikastaroa eman zuen 'Diferenciación y jerarquización sexual' izenburupean. 1988. urtean EHUko Gizarte Antropologiako lehen katedra lortu zuen. Emakumearen Ikerketen Mintegia sortu zuen 1981ean, eta haren zuzendaria izan zen 1990tik 1994era eta 1992tik 1994ra. Eusko Ikaskuntza erakundean ere Gipuzkoako presidenteordea izan zen (2006-2010), eta nazioartean ere hainbat lan egin zuen, eta merezimenduak jaso ere ondoren.

Bere biografiaz gehiago, Wikipedian.

Erantzun

Sartu