Jorge Giménez Bech (Irun, 1956) idazle, itzultzaile eta editorea gaur goizean hil da gaixotasun baten ondoren. Bere ibilbide intelektual eta profesionalean, nabarmentzen dira 1993an Alberdania argitaletxea sortu izana Inazio Mujika idazlearekin batera; 1997tik 2011ra Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari izana, eta Eusko Jaurlaritzako HPSn ikerketa eta koordinaziorako zuzendari izatea 2013 eta 2017 urteen artean. Editoreen Elkarteak gaur banatutako irudia itsatsi dugu hemen.
Idazle gisa, Gabriel Aresti ipuin-lehiaketa irabazi zuen 1995ean, euskarazko atalean, Trenaren zain lanarekin. Itzultzaile lanetan, euskarazko lanak gaztelaniara itzuli zituen, esate baterako idazle hauenak: Anjel Lertxundi, Inazio Mujika Iraola, Jokin Muñoz, Aingeru Epaltza, Joxean Sagastizabal eta Arantxa Iturbe.
Bizitza pertsonalean, kolpe latz batek markatu zuen Jorge Gimenezen bizitza. 1982an, Jorgek pertsonalki inguru abertzalean militatzen zuelarik, Euskadiko Ezkerraren inguruan, ETAk bere aita hil zuen, José Giménez Mayoral Goardia Zibileko kapitain erretiratua. Hilketaren mina bere baitarako gorde zuen Jorge Gimenezek, isiltasunean bere inguruko askorentzat. 2021ean, artikulu batean (Inoiz babestu behar ez zena) aitaren hilketarena eta bere gogoeta politikoak argitaratu zituen. Memoriaren eta erreparazioaren aldeko ekitaldietan parte hartu zuen harrezkero, hala nola iazko kolokio honetan Donostian, bere artikuluaren izenburua beste azpititulu batekin batu zen ekitaldian, Isiltasun baten amaiera.
Erantzun
Sartu