Aurreko urteetan bezala, Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatuitako Jokin Zaitegi sariketak, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko balioko du. Kasu honetan, Jon Fosse idazle norvegiarrari eman diotenez 2023ko Nobel Saria, helburua da idazle horren Trilogien eleberria (hiru eleberri laburrez osatua) itzularaztea.
Hirurogeita hamar eleberri, poema, haurrentzako liburu eta antzezlan baino gehiagoren egilea da Fosse (1959an jaioa). Henrik Ibsenetik arrakasta gehien duen antzerkigile norvegiarra da. Bere antzezlanak introspektiboak eta minimalistak dira eta prosa lirikotik eta poesiatik hurbil dagoen hizkuntza erabiltzen du. Sarritan, antzerki postdramatikoaren tradizioaren barruan kokatzen da.
Kontuan izanik gutxi direla Jon Fosse norvegieratik zuzenean euskaratzeko gauza direnak, ingelesezko bertsioa ere eskaintzen da, lagungarri. Zubi-hizkuntza gehiago ere erabil ditzake itzultzaileak, norbere nahien eta gaitasunen arabera. Dena dela, lagina euskaratzeko zer hizkuntza erabili d(it)uen zehazteko eskatzen zaio hautagaiari.
Abenduaren 31a arte dago laginak eta proposamenak aurkezteko epea. Santi Leonék, Gema López Las Heras eta Juan Mari Mendizabalek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2024ko urtarrila amaitu baino lehen.
Deialdiaren baldintza zehatzak hemen.
Erantzun
Sartu