Teknologia albisteak

Dislexia eta elebitasuna: haur euskaldunen irakurtzeko estrategia desberdinak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-05-08 : 09:25

Duela aste batzuetako BBCren erreportaia batetik ateratako datuak jarraian. Dislexia hizkuntzen arabera agertzen den modu desberdina agerikoa dela erakutsi dute ikerketek, eta euskara ere aipatzen delarik bertan, Ipar eta Hego Euskal Herriko haurren irakurketa ohituretan desberdintasunak antzeman dituztela ere agertzen da.

Ikerketen aurkikuntza nagusi bat da hizkuntza baten idazkera edo ortografia funtsezkoa dela. Ingelesaren ahoskera hain idazketarik bereizia dislexia kasu askoren eragile da, adibidez. Izatez, txinerarekin alderatuta ere, txinera idazten eta irakurtzen ikastea prozesu zailagoa den arren, errore dislexikoen sorkuntza txikiagoa omen da, ume txinatarrek ideogramen formatik zentzuaren gakoak lortzen dituztelako eta horrela ahoskera zuzena topatzen dute.

Ingelesarekin alderatuta, dislexia kasu gutxiago daude espainolaren kasuan, non ortografia ahoskerarekin askoz lotuagoa dagoen.

Euskara ere aipatzen da erreportaian, BCBL-ko Maria Lallier ikerlaria tarteko. BCBL da Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroa, kognizioaren eta hizkuntzaren arteko harremanak ikertzen dituena Donostian.

Haur elebidunekin egin dituzte aprobak, gaztelaniarekin eta frantsesarekin hazten ari diren Hego eta Ipar Euskal Herriko haur euskaldunekin.

Bi haur taldeek erraz samar asmatzen dute euskara irakurtzen, letraz letrako ahoskera modu bat nagusi dela azkar ulertzen dute. Hala ere, Ipar Euskal Herriko haurrek beste gaitasun extra bat ikasten omen dute frantsesarekin: hitzaren forma osoa atzitu behar denez frantsesez bere ahoskera asmatzeko (ez letraz letra aurretatuz), memorian gordetzen dituzte hitz osoen ahoskerak. Eta hitz osoak memorian gordetzeak euskararako ere balio die. Hortaz, Ipar Euskal Herriko haurrek euskaraz ezagunak zaizkien hitzak errazago irakurtzen dituzte testu jakin batean.

Aldiz, Hego Euskal Herrikoek abantaila dute hitz berriak edo asmatuak ahoskatzeko orduan. 'Umke' hitz asmatua aipatzen da erreportaian. Hegoaldeko haurrak letraz letrako ahoskera zuzen bat ondo emango du, Iparraldean frantses erako ahoskera bat asmatzen saia daiteke haurra. Era berean, euskarazko hitz arrunt baina berriak eskaintzen bazaizkie haurrei, memorian ez badituzte Iparraldeko haurrek, horiekin apalago molda daitezke ahoskeran, Hegoaldekin alderatuta,

BCBLko ikasketetatik beste hizkuntza kontestu batzuetarako irakaspenak ere badaudela aipatzen da erreportaian, oro har dislexiari aurre egiteko bide bat eskaintzen duela elebitasunak, bereziki hizkuntzetako bat idazkeran gardena bada (ortografia fonetikoa nagusi denean). Hauxe da kasua, hain zuzen, galesaren eta ingelesaren artean.

Irudia, zeinu elebidun bat Zuberoan, Wikimedia Commons.

Erantzun

Sartu