Euskararen langile profesionalen interesak defenditzeko lanean ari da Lanartea elkarteak agerraldia egin du aste honetan Eusko Legebiltzarrean, eta oinarrizko bost eskakizun proposatu dituzte bertan. Esate baterako, EITBn euskal kulturari berebiziko ikusgarritasunaren emateko kuotak proposatzea.
2019an sortu zen Lanartea, euskararen langile profesionalen elkarte gisa. Musikari, idazle, antzezle, komikigile eta abarrek, hizkuntzaren sortzaile diren profesionalak biltzen dira bertan.
Elkarteko hiru kide Eusko Legebiltzarrean izan dira aste honetan, eta panorama zail bat deskribatu dute (irakur kronika bat): "Gizarteak ez gaitu subjektu ekonomiko gisa ikusten, irudi erromantiko eta bohemio samarra dauka gutaz. Hodeietan bizi garelakoan, txaloek eta noizbehinkako sariek asetzen gaituztelakoan".
Baina diagnostiko gogor horretaz aparte, aurrera egiteko proposamenak ere eraman dituzte Gasteizera. Hauek dira Lanartearen bost eskakizunak, alderdiei komisioan azaldutakoak:
- Kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta ‘ebento’ erraldoietik.
- Hizkuntzaren aldagaia zehar-lerro gisa ezartzea sektoreari buruz egindako datu bilketa eta azterketa guztietan.
- Ogasun politika arrazional bat, artisten errealitatea erantzungo diona. Administrazioaren prozedura surrealistak omen dira askotan, aipatu dutenez. Esaterako, 120 euro kobratzeko, hitzaldi bat ematearen truke, esaterako, sei eragiketa administratibo egin behar dituzte egileek. Berebiziko garrantzia eman diote puntu honi, 1.000tik gora sortzaile biltzen dituzten Euskal Idazleen Elkartea, Itzultzaile Elkartea, Bertsozale Elkartea eta Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean definitu dituzte erakunde desberdinei honi buruz helarazi dieten txosten zabala. (...) [puntu honi buruzko proposamen zehatzak, aipatzen dituztenak BEZa, Ticektbai edo langile autonomoen erregimenak, hemen zehaztuta luzeago]
- Euskarazko kultur proposamen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan, EITBn azpimarra berezia eginez, euskaraz ari diren profesionalentzako gutxieneko plazak eta masa kritikoa ziurtatzeko oinarrizko neurri gisa.
- Aurrekontuak emendatzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko: kultura horrentzako zirkuituak sortzea eta indartzea etxean bertan.
Irudian Lanartea elkarteko Garbiñe Ubeda, Amaia Gurrutxaga eta Miel Anjel Elustondo, Legebiltzarreko agerraldian.
Erantzun
Sartu