Korsikako prefetak (Paristik izendatutako agintariak) helegitea jarri zuen Korsikako Asanblean eta Exekutiboan korsikera erabiltzearen aurka, eta har, Bastiako bertako auzitegi batek arrazoia eman dio., Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat joz (ikus albistea Argian). Hortaz, orsikeraz aritzea debekatu diete Korsikako Asanbleako hautetsiei jardun publikoetan. Euskal Konfederaziotik elkartasuna eta sustengua adierazi diete korsikar hautetsiei eta beren hizkuntzan bizi ahal izateko borrokatzen duten korsikar guztiei.
Konfederazioak agiria kaleratu du gertatukoa salatuz. Hona pasarte batzuk:
"Eraso hori onartezina da demokratikoki hautatu asanbleak aho batez onartu erabakia deuseztatzen baitu, erabaki horrek lehenagotik adostasunez onartu korsikeraren erabilera erregular eta arrunta baieztatzen zuelarik besterik gabe.
Ez da lehen aldia frantses gobernuak gogor jotzen duela korsikeraren kontra. Izan ere, frantses gobernuak ez du korsikeraren koofizialtasuna onartu nahi (ikus Macron presidentearen azken diskurtxoa Bastian 2018ko otsailaren 7an) nahiz eta hor ere Korsikako asanbleak korsikeraren koofizialtasuna eta biziberritzea helburu dituen proiektua 2013an onartu zuen.
Agiri honen bidez Euskal Konfederazioak bere sustengu osoa ekarri nahi dio Korsikako asanbleari eta orohar korsikeraz bizi ahal izateko egunero diharduten korsikarrei.
(...) Hizkuntza politika garatzeko eskumena eta ardura dituen Asanblea bati tokiko hizkuntza erabiltzea debekatzen zaion ber, ikasketak osoki murgiltze ereduan edo elebidun azkartuan segitu dituzten ikasleei azkerketak ikas hizkuntzan pasatzea debekatzen zaie!
Gertakari hauek egunerokotasunean gure hizkuntzak erabili eta transmititzeko ahaleginean aritzen garen hiztunoi ezartzen dizkiguten bi traba adibide besterik ez dira eta gure hizkuntzen garapenean egiazko aizinamenduak trabatzeko eta hiztunok ditugun oinarrizko hizkuntz eskubideak ukatzen segitzeko frantses gobernuak etengabe erakutsi jarrera politiko tematiaren isla dira.
Lurralde hizkuntzen biziberritzea lortuko da erabilera jendarte arlo guzietan segurtatzen bada eta ez eskola irakaskuntzan eta kulturan bakarrik mugatuz. Horretarako tokiko hizkuntza politika sendoak garatu behar dira eskaera soziala erantzun eta aitzinatzeko eta hiztunei lurralde hizkuntzan bizitzeko aukera emanez.
Eta hizkuntza politika sendo hauek garatu ahal izateko ezinbestekoa da frantses konstituzioa lehenbailehen moldatzea gure hizkuntzek koofizialitate estatutua izan dezaten."
Agiria, osorik, hemen.
Erantzun
Sartu