Puta zikinak. Sexu-langileen aldeko eskubideen borroka liburuaren Baionako liburudenda bateko ale guztiak hondatu zituzten talde transfobo eta integrista bateko kideek otsail amaieran. Liburuaren euskarazko edizioaren argitaratzaileak, Katakrakek, egin du publiko erosoaren berri komunikatu batekin. "Ale guztiak erasotu zituen talde integrista eta transfobo batek. Ale bakar bat ere ez zen osorik eta txukun geratu."
Sexu langileen borrokari buruzko liburua da Puta Zikinak. Juno Mac eta Molly Smith dira liburuaren egileak, prostituzioan aritutako bi emakumezko. Euskarazko itzulpena berria da, urtarrilekoa, Katakrak-ek Amaia Astobizaren itzulpenarekin kaleratu du.
Argitaletxe kooperatibo honek Iruñean du bere egoitza eta liburudenda nagusia, non erakusleioa erasotutako liburuaren alez bete duten erantzun gisa. Baina erasoa Baionan gertatu izana ere esanguratsua egin zaie, eta hala salatu dute: "Legearen bidez eta egunerokoan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermaturik ez dauden lurralde batean erasotu da euskarazko liburua. Lapurdin dauden liburu-denda gehien-gehienetan ez dago euskarazko libururik. Horregatik, euskarazko liburuei toki egiten dion liburu-denda bakarretako bateko liburuak erasotzea euskaldunoi erasotzea da."
Erasoaren motibazio eta funtsa ere argi daukate Katakrak-ekoek: "Egun eta mundu osoan, arrakala bat sortu da feminismoaren baitan. Aldeetako batek uste du feminismoan badela jendea soberan: prostitutak, migranteak, trans pertsonak. Beste aldeak uste du ezetz, feminismoak, emakumearen askapenak, bazterreko guztiekin bat egin behar duela gizarte justuago batean. Puta zikinak bigarren alde horretatik idatzi zuten Juno Mac eta Molly Smithek eta handik argitaratu dugu geuk ere."
Puta Zikinak erosteko, hemen.
Eguneraketa: Katakrak-eko bazkide Hedoi Etxartek jakinarazi du liburudendak berak erabaki duela bere izena ezkutuan gordetzea. Eta talde erasotzailea nolabait identifikatua dagoen arren, publizitaterik ez ematea erabaki dutela.
Erantzun
Sartu