Teknologia albisteak

Jaurlaritzaren Gabonetako zorion mezu ulertezina

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-22 : 09:49

Eusko Jaurlaritzak zabaldutako irudi batean agertzen den Gabonetako zorion mezuaren euskara kaskarrak dexenteko protestak eragin ditu Twitterren. Irudiak ez du izenperik, baina Berriak dio Iñigo Urkullu lehendakariaren mezua dela. Mezuak dio: "Gizatasunez eta elkartasunez beteriko batean oinarritutako bizitza partekatu baten alde!"

Gazteleraz koherentzia gehiago du mezuak, euskarazko esaldiak ez baitu zentzurik alderdi gramatikal edo semantikotik. "Por una vida compartida cimentada en un humanismo comprometido y solidario!".

Iñigo Calleja txiolariak demostratu duenez, sikiera Eusko Jaurlaritzaren Itzuli itzultzaile automatikoa erabaili izan balute gazteleratik euskarara emateko, emaitza ulergarriagoa izango zen: "Humanismo konprometitu eta solidario batean oinarritutako bizitza partekatu baten alde!".

Nolanahi ere, gazteleraz esandakoa ere pedantekeria dela ere uste duenik bada. "Bizitza partekatu bat" kontzeptu gisa, adibidez, esanahirik duen kontua ote? Pruden Gartzia liburuzainak "pedantea eta handiputza" deritzo.

Ez da lehen aldia euskarazko mezu traketsak banatzen dituena Iñigo Urkullu lehendakariak. 2018ko martxoan Kataluniako egoerari buruzko adierazpen bat jarri zuen Facebook-en, ulergaitza izateaz aparte puntuazioaren erabilpen ezin okerrago batekin. Adibidez, sic: "Guztiz iudizializatutako politikaren testuinguruan zeinetan prozedurak, legeak, zuzentarauak nahastu egiten diren oso, ez da posible izaten ari. Behar-beharrezkoa da egitea eta horretarako barne-begirada zintzoki eginez."

Herrialdearen izenarekin ere ez zuen asmatu orduan lehendakariak, #Katalunia traolarekin (Euskaltzandiak arautu bezala), baina gero Katalonia (sic) eta marratxoz deklinatua.

Twitterren eskaerak egon dira azken orduetan azalpena eta barkamena eskatzeko, eta bide batez bideak jar daitezen horrelako okerrak ez errepikatzeko. Baina orain artean ez dugu ikusi erreakzio ofizialik Jaurlaritzatik.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: