Itxaro Borda idazleak Gehitu LGBTIQ+ elkartearen Zilarrezko Gehitu saria jaso zuen joan den larunbatean, gaur zortzi, Baionako Euskal Museoan Les Bascos elkartearekin batera antolatu zen ekitaldi batean. Testu hunkigarri batekin egin zuen eskertza Bordak, eta hemen argitaratzeko aukera eskertu nahi diogu berari eta Gehitu elkarteari.
Hona Itxaro Bordak irakurri zuen testua:
Eskerrak eman nahi ditut, Gehitu eta Les Bascos elkarteei, Euskal Erakustokiaren arduradunei, Sabine Cazenave eta Yves Ugalde zuei, eta hona etorri zareten orori.
Joseba Errekaldek deitu ninduenean dudak nituen : horrelako sari bat onartzeak erran nahi du multzotik ateratzen zarela, agertzen zarela, nolabait zure sexu norabidea plazaratzen duzula, eta denek maite dugu neurri batean gordean eta zoriontsu bizitzea. Eta gero, nori interesatzen zaio baten norabide sexualaren berri ukaitea? Baina, badakigu, intimoa kolektiboa dela eta alderantziz Eta bai, lesbiana naiz, horren ahoskatzea beti erreza ez den arren! Gaur egun ere.
Belaunaldi osoak gara nondik gatozen errateko ausardia eskasez egon garenak: norabide sexuala isilean atxiki dugu, Euskal jendarte elizkoiari eta gero euskaldunari, -euskaldun-fededun egitura zehatz hura alegia-, leporatzen diogu isiltasun hiltzaile hori, baina aitortu beharra daukat askotan, ausardia pertsonal eskasarengatik ere ez dugula, ez dudala erran nor eta zer nintzen… Hobenak edo erruak beraz partekatuak dira…
Betidanik idatzi dut lesbiana baten ikuspuntu minoritario batetik, Monika Wittig handiak erran lezakeen bezala, sari hau hari ere doakio, bereziki Amaia Ezpeldoi ene detektibearen abentura eta ikerketetan. LGBTQI+ gaiak aipatzeko mahai inguruetan parte hartu dut, aldizkarietan idatzi dut, gay izatearen lekukotasuna literaturara ekarriz, euskarara ekarriz, naiz eta ez naizen bakarra, baina asko ere ez gara: edozein hizkuntzetan, txikienean edo handienean horrelakorik balitz, literatura egiten da irakurria izateko, eta beti badira irakurleak, beti norbait hunkitzen dute gure hitzek...
Ereduak behar ditugu, kirolean, kulturan, lan munduan, gure familietan, eta nehork ez badu deus erraten, ondotik datozkigunek oraino ere sufrituko dute... eta badakigu egoera ez dela hemen bertan ere hoberena, homofobia hor dago, eraso larriak, legeak aldatu diren arren. Legeak ez du guztia konpontzen ahal alabaina. Beharbada horregatik inportanteak izan daitezke gaur bezalako sari emate publikoak: milesker berriz!
Plazaratzea, saretzea eta agerian lesbiana gisa bizitzea garrantzitsua da, bat ez delako bakarrik bizi eta oraino ere isilean gay direnei erran nahi diet, ez beldurtzeko beraien ezberdintasuna errateko orduan, lagunak alde batetik galtzen badira, bestetik berriak irabazten direla, sareak osatzen, elkartasunak ere bai… askotan oinak lurrean ibiltzen hasten garela iruditzen zaigu ahots goraz nor eta zer garen erran ondoan…
Erantzun
Sartu