Teknologia albisteak

Euskara kuotarik gabe utz lezake streaming plataformentzako Espainiako legeak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-09-21 : 13:20

El Periodico Bartzelonako egunkariak aurreratu duenez, Espainiako Gobernuak prestatu duen Ikusentzunezko Komunikazioaren Legeak ez ditu hizkuntza gutxituen kuotak kontuan hartuko, streaming plataformek eskaini beharko dituzten edukiei dagokionez.

El Periodicokoa landuz Vilaweb agerkariak eta beste batzuek jaso dutenez, Europako Batasuneko arauen barruan, streaming plataforma batek "Europako edukiz" bete beharko du eskainztaren %30a, eta gero estatu bakoitzari dagokio hori antolatzea. Espainiako lege-proposamenaz aurreratu denaren arabera, %30 horren erdia, "gazteleraz edo komunitate autonomoetako hizkuntza ofizialetan" izan beharko da. "Gazteleraz edo" horretan dago tranpa: ez bada beste hizkuntzen portzentaiarik adierazten, HBO, Disney+, Netflix eta sortzen diren guztiek gazteleraz bete ahal izango dute kuota, besteei jaramonik egin gabe.

Katalunian, Consell de l’Audiovisual de Catalunya (CAC) erakunde ofizialak eskatu zuen Espainiako kuotetan erdia gorde zedila gaztelera ez zen hizkuntzetan. Emaitza: ez erdia, ez hamarrena; aipurik ere ez.

Pantailak Euskaraz ekimena antolatu zenean duela hilabete gutxi, bere eskakizunetako bat izan zen, "Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotzea". Eskaera horrekin bat egin zuten Topaguneak, Tokikom-ek, Hekimenek etaKontseiluak. Denen izenean Kontseiluak iragarri du hurrengo orduetan erantzun bat planteatuko zaiola Espainiako Gobernuaren erabakiari.

Espainiako Gobernuak Euskal Herriko eta Kataluniako indar abertzaleen babesa behar du Espainiako Kongresuan gehiengoa behar duten neurrietarako (aurrekontuak, adibidez), baina ez dirudi PSOE eta Ahal Dugu-ren gobernuak hizkuntzaren alorrean kontzesiorik egin beharrik uste duenik; edo indar abertzale horiek ere eskakizun hauen inguruan bataila handirik agertu dutenik orian arte behintzat.

 

Erantzun

Sartu