Teknologia albisteak

Lumineszenteak, idatzizko eta irudizko begirada bat emakumeek jasandako indarkeriari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-09-15 : 09:09

"Lumineszenteak" liburu bat da, emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak ikusarazteko 63 historia dira Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariak eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariak liburu batean bildu dituztenak. Gainera, urriaren 9tik 26 arte dago erakusketa bat irekita Bilboko Zabalgune eraikineko areto nagusian, libururako egindako argazki askorekin.

Lumineszenteak 2018 eta 2021 bitarte osatu zuren Pastor eta Mariezkurrenak. Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren bizitza-historiek eta erretratuek osatzen dute; Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik ikusi du argia edizio elebidun batean (euskaraz eta gaztelaniaz).

Liburuan hala aurkezten dute proiektua egileek:

"Kontakizunen protagonistak bortizkeriazko giroetan bizi edo hazi dira, hala nola okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio edo asimilazio kulturaleko testuinguruetan. Egiturazko indarkeria horiek, baina, emakumeen eguneroko bizitza baldintzatzen duten eta halako errekonozimendurik ez duten beste indarkeria sotilagoekin korapilatzen dira. Hain justu azken horiek atera nahi ditu argitara LUMINESZENTEAK proiektuak; maiz erregistrorik, neurketarik eta izenik ere ez duten bortxak ikusaraziz, protagonisten erresilientzia balioan jarriz eta sufrimenduaren erromantizazioa arbuiatuz.

Emakumeen inguruko diskurtso homogenizatzaileak apurtu eta, horien ordez, begirada konplexuagoak bideratzeko saiakera bat da hau. Indarkeria patriarkalaren adierazpen-sorta zabala generoarekin, arrazarekin, etnizitatearekin, klasearekin eta sexualitatearekin nola gurutzatzen den ulertzeko ahalegin bat."

Erantzun

Sartu