Iñaki Larrañaga Irizar (Lazkao, 1933), Siadeco ikerketa kooperatiba sortu zuen soziolinguista, hil da gaur. Apaiza eta soziologoa izan zen, geroago euskal soziolinguistikan lan egin duten askorentzat erreferente eta maisu ere bai.
Txio batzuetan, Kike Amonarrizek bere ibilbideko une batzuk gogoratu ditu. Patxi Baztarrika HPSko sailburuorde izandakoak osatu du agurra: "Bete-betean ondo diok, Kike, 'euskal soziolinguistikaren aita pontekoa' dugula dioanean. 80ko hamarraldiko suharrari eta gure “ezjakintasunari” hemendik eta hemen oinarri zientifikoak ezarri zizkiona izan genian Iñaki".
Gaztetan apaiz bihurtuta, jarraian Parisen soziologia ikasketak egin zituen Iñaki Larrañagak eta Psikologia Sozialean eta Demografian lizentziatu zen. Gerora, antropologiaren mundura gerturatu zen, Ramon Iruretagoiena apaizarekin (bere ikaskide izana Parisen). Hizkuntzaren soziologiarako kezka ere garatu zuen orduan, ikasitakoa bere kezka euskaltzalearekin batuz. 1958-1962 urte tarteak izan ziren Parisko haiek.
1960ko hamarkadan Gipuzkoako elizbarrutiko zenbait parrokiatan izan zen, eta 1967an, SIADECO sozioekonomia eta hirigintzaren ikerketarako taldea sortu zuen beste lagun batzuekin (soziologoak, ingeniariak, arkitektoak, ekonomistak...). Kooperatiba horretan egin zuen lan 1996. urteran erretiratu zen arte.
"Soziolinguistika" izena aipatuz egin zuten lehen ikerketa 1975-1977 urteen artekoa izan zen. Urte horietan bi lan egin zituzten: bata, Euskararen liburu zuriaren (1978) edukiak diseinatu eta haren apailatzea koordinatu. Bestea, euskararen egoera soziolinguistikoa aztertu. Hura izan zen Euskal Herrian aurreneko aldiz egin zen gisa horretako egitasmoa: "Euskararen soziolinguistika azterketa" eta "Hizkuntz Plangintza baten oinarriak". Lan horiek Euskaltzaindiaren babesaz eta eraginez egin ahal izan zituzten.
Erantzun
Sartu