2005ean sortutako baliabide bat, Yahoo Answers (Yahoo Erantzunak, hemen gaztelerazkon bertsioan), ixtea erabaki du Yahook. Zerbitzuko azken galde-erantzunak apirilaren 19an kargatu ahal izango dira. Eta bi aste beranduago, maiatzaren 4an, artxiboa ere desagertu egingo da.
Zabaldu den mezu batean irakurri dugun bezala, "American Tech delakoak (AEBetako enpresa teknologiko handien multzoak) Alexandriako liburutegia erreko luke kontulari eta abokatuek esango balute ez duela dirurik ematen". Praktikan, horixe da hemen gertatuko dena: 15 urteko artxibo global bat, gordetzen denaren balioaz aparte, desagertu egingo da bat-batean.
Yahook erabiltzaile erregistratuentzako tresna bat jarri duela adierazi du, zeina ekainaren 21a arte martxan egongo den. Horren bidez, Yahoo identitate baieztatu bat baduzu, harekin egindako galde-erantzunak berreskuratu ahal izango dituzu, baina ez dakigu zein sakonera edo formaturekin (galdera bat egin bazenuen, erantzun guztiak ere deskargatuko zaizkizu?). Horrekin lortuko dena, edozein kasutan, bakoitzak bere ordenagailuan gorde dezakeen fitxategi pertsonalen multzo sakabanatu bat izango da, ez artxibo publiko bat,
Larriena da Yahook ez duela prestatu artxibategi osoaren kopia estatikorik ere. Teknikoki, bolumen handiko fitxategi multzoa litzateke hori, baina egingarria oso, eta artxibo digitaletara dedikatutako erakunderen bat enkargatu zitekeen hura gerorako gordetzeaz... baina hori ere ez, artxiboa itxi hiru aste eskaseko abisuarekin eta hor konpon.
Erdarazko zenbait bertsiotan, txorakeriak zein informazio praktikoa pilatu eta aurkitzeko baliabide inportantea izan da urte hauetan Yahoo Answers: informazio praktikoa bilatzeko orduan, askotan agertzen zitzaizun Googlen, erdarazko bere bertsio nagusietan. Famatua bihurtu zen zeliako baten galdera, adibidez, ea kokainak glutenik ote zuen kezkaz egindako itauna.
Goiko irudirako hartutako pantaila-irudia, Galder Gonzalezek salbatu du etorkizunerako. Ea maiatzaren 4a baino lehen artxibo osoa kontserbatzeko biderik irekitzen duen Yahook edo norbaitek. Gurrutxurtu bat zer den, bestalde, bakoitza desberdina da, badakizue.
Erantzun
Sartu