Teknologia albisteak

Ombuaren Itzala: Pedro Mari Otañoz filma egin nahi dute, sarrerak orain salduta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-02 : 10:24

Pedro Mari Otaño (Zizurkil 1857, Rosario Argentina 1910) bertsolari eta poetaren bizitzari buruzko filma egin nahi dute: Ombuaren Itzala du izenburua, eta diru bilketa orijinala antolatu dute Internet bidez finantziatzeko: filmaren sarrerak ari dira saltzen, lehen 30.000 sarrera, bakoitza 10 euroan. Horrela lortuko da boltsa filma egiteko.

Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak aipatzen duenez, filmaren proiektua aurkeztu dutenean, plataforma handien eta instituzioen babesa lortzen ez dute arrakastarik izan. "Finantziazioa segurtatze aldera egindako lehenengo saioan, herri-oinarri eta oihartzun “mugatuegiko” proiektutzat joa izan zen instantzia haietan", diotenez. "Horrek eraman gaitu filmaren abiapuntua oinarrizkoa den auzolanean kokatzera, Otañok maite izango zukeen bere herri-ekimenaren izaera frogateaz gain, filma egin ahal izateko laguntza ezinago egokia izango litzatekeelako. Euskal Herritik Argentinaraino zabaldu nahi dugun auzolanaren bidez."

Euskal Herrian eta Argentinan bildu nahi ditu babesak ekimenak, Otañoren Euskal Herriko eta Argentinako bizialdiak lotu nahi dituelako filmak. Izenburuak, hain zuzen, Argentina panpetako zuhaitz tipiko bati egiten dio erreferentzia, 1900. urteko olerki batean Pello Mari Otañok aipatutako ombutzarra, ombu laztana. Euskara onbu dakar gaur egunean Wikipediak.

Euskal Herrian proiektua babestu dutenen artean daudee Koldo Izagirre, Xabier Amuriza eta Bernardo Atxaga idazleak. Izagirren hitzak dira,

"Pedro Mari Otaño ez delako bakarrik poeta, Pedro Mari Otaño bere garaiko pertsonaia delako, buru-belarri murgildua bizimodua aurrera ateratzeko abenturan (ferratzaile, irakasle, albaitari, tabernari, kontuzain...), politikaren abenturan (foruzaletasunaren bilakaera islatuz), hitzaren abenturan (bertsoak, abesbatzetarako letrak, opera libretoak...), eta nongotasunaren abenturan (joan zen, itzuli zen, joan zen berriz, eta berriz itzuli zen, joan zen hirugarrenez, kantagai hartu zuen Argentina, eta ez zen itzuli”.

Proiektua babesteko, erosi zure sarrera 10 euroan: pellomariotañoauzolana.eus

Erantzun

Sartu