Radar Covid aplikazioaren euskaratzearen inguruan bazterrak nahasteko moduko albistea argitaratu zuten Vocento taldearen Euskal Herriko egunkariek: El Correok bereziki, baina albistea Diario Vascon ere kopiatua agertu zen nonbait. Aplikazioa ez bada EAEn ofizialki martxan jarri, euskaratu beharrak atzeratu duela hori, horixe zioen El Correok besteak beste. Egiazki, euskaratzea egina dago albiste hori argitaratu baino lehenago, eta Eusko Jaurlaritza horren jakitun zen baita ere. Eta are gehiago, beste aktore nagusi batek, Googlek, euskaratu du baita ere aplikazioari lotutako mezu eta interfaze sorta. Espainiako Gai Ekonomikoen eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioa falta da bere lana egiteko.
Osasun Saileko iturri ez identifikatu batek aipatu omen zion hori El Correori, eta baita beste arazo tekniko zehaztu gabeko batzuk. Hilak 17 zituela, hau argitaratu zuten:
Egiazki, euskaratzea Espainiako Gobernuak kodea askatu eta 48 ordutara egina zegoen, joan den ostiralean (hilak 11), Sustatuk egun berean adierazi zuen bezala.
Era berean, euskaratzearen berri berehala izan zuten Eusko Jaurlaritzako atal batzuetan. Horren froga izan zuten asteartean (hilak 15) Euskarazko Komunikazioa 2020ko Hamarkadan EHUren Udako Ikastaroan egon zirenek. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Martinez de Lunarekin izandako solasaldian, aipatu zuen nola euskaldunen komunitate teknologikoa indargune bat den: "Euskarak daukan gauza handienetako bat bere komunitate aktiboa da; hori ezin dugu galdu, altxorra da; adibidez, egun hauetan di-da batean euskaratu da Covid Radar aplikazioa...".
Ez bakarrik egin du komunitateak bere partea, baita Googlek ere. Covid Radarren printzipio teknologikoa oinarritzen da Google eta Applek kontrolatzen dituzten sistema eragileetan, iPhone eta Android-etan, hurbiltasuneko seinale batzuk aktibatzen direla Bluetooth bidez, eta hurbiltasun gurutzatze horiek, kokapenaren eta identitatearen daturik gabe, erabiltzaile eta erakundeen esku uzten dituztela Applek eta Googlek. Aplikazioa aztertu duten adituek diotenez, segurtasun eta pribatutasunaren alde ondo egina dirudi.
Bada, Googlek ez bakarrik utzi du gaitasun hori erakunden esku. Izatez, bere abisu sistema, Radar Covid instalatzean zure Android-ean agertzen zaizkizun zenbait oharretan, euskaratu egin dute. Android mugikorra baduzu euskaraz (ikus horretarako lehenhitza.eus ea euskaratu dezakezun), eta Radar Covid instalatuta (berdin dio gaztelaniaz, ingelesez edo katalanez aktibatu duzun), hau bezalako mezuak agertuko zaizkizu:
Era berean, Google Play aplikazioan ere euskaraz agertzen da.
Bestalde, Radar Covid aplikazioa askatu ondoren, bertara galizieraz eta euskaraz egindako ekarpenek erantzun lehorra jaso zuten Github biltegian: izatez hango testu-kateak ez zirela aplikazioan erabiltzekoak, eta horiek Ministerioaren CMS batetik zetoztela. Ba askatzea zeukaten CMS-koa.. edozelan ere, itzulpenak eginak daude, eta lan pixkatekin, eraman ahal izango dituzte CMS ditxoso horretara, nahi badute.
Kodea partekatzea ezertarako ez bada, zertarako egin? edo nola deitu horri kode askatzea?
Euskaldunen komunitateak egin du bere partea. Googlek egin du bere partea. Espainiako Ministerioak egin behar du berea orain (euskaratzearen integrazio lana, CMS delakoan nonbait).
Euskal administrazioei dagokienez, Nafarroakoak jarri du martxan Radar Covid-ekin lotutako jarraipen plana, hori egin zutenean euskaraz laster izatea aipatu zutelarik. Osakidetzak bide horretatik jo lezake, edo bere plangintza propioari jarraitu.
Herritarrek, Nafarroan ez bazaudete ere, instalatu dezakezue Radar Covid eta osasun sistemak eta hizkuntzak eguneratzen direnean, ordurako balekoa izango da oraingo ekintza beharbada.
Erantzun
Sartu