Gure gertuko erdaretan Peloton esaten diote txirrindularitzako Tropelari, baina bada beste Peloton bat, Tourrean egun hauetan ikus dezakegunaz aparte, fama lortu duena azken hilabeteetan teknologiaren esparruan: negozio berri bat, bizikleta estatikoak eta etxeko kirol entrenamendurako ekipamendua, sarera lotuta.
Hala nola gimnasioetan kirol-tresna askok pantaila daukaten, horixe da Pelotonen etxeko ekipamenduak daukana baita ere: pantaila bat, ukipenezkoa, Internetera konektatuta. Bizikletekin hasi, eta korrika-zintetara ere pasatu ziren, eta gailu garestiak dira (bizikletak 2.000 dolar inguru, eta bikoitza zintak), baina gakoa ez da horrenbeste hardware horren salmenta, baizik eta harpidetza eredua.
Pantailatik formakuntza bideo multzoa jaso dezakete erabiltzaileek, eta honela formatzaile multzo batek ere ekosistematxo bat sortu du: hala nola gimnasiako eta zumbako youtuberrak, korrika eta txirrindularitzako coach hauek ogibide bat lortu dute Pelotonen.
Etxeko jardueretarako prestatua egoteak egin du Covid Pandemiako itxialdia bereziki ona izan dela Pelotonentzat negozioa handitzeko. Hasieran arazoa izan zuten ze formatzaileek bideoak prestatzen zituzten Pelotonen lokaletan zeuden estudio batzuetan, baina app bat garatu zuten formatzaile komunitateak ere etxetik egin zezan.
Emaitza ekonomikoak biribilak izan dira konpainiarentzat, 1.1 milioi harpidedunera iritsi dira, urteko %113ko hazkundearekin. Erabiltzaileen %95a dago harpidetza sistema batean, eta harpidetzaren berritzea %94ean dago.
Hari batean irakurri dugunez, John Foley enpresako sortzaileak oso zail izan zuen bere ideiarekin jendea komentzitzeko, baina pixkanaka hazten joan zen enpresan, eta iaz burtsara atera zuen. Orain 20.000 milioi dolarretan baloratua omen dago.
Enpresaren webgunea: onePeloton.com
Erantzun
Sartu