Teknologia albisteak

Gurutzi Arregi etnografoa hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-07 : 16:45

Gurutzi Arregi Azpeitia (Lemoa 1936, Zornotza 2020) etnografoa hil da 84 urterekin. Euskal herri kulturari ekarpen handia egin zion emakumea, Durangoko bizitza kulturalean eta euskalgintakoan inplikatua. Gerediaga, Etniker eta Labayru erakundeetan funtsezko pertsona bat izan zen.

Gizarte eta Politika Zientziatan lizentziatu zen Deustuko Unibertsidadean. Soziologian doktore egin zen Bizkaiko ermiten gaineko tesi batekin.

Labayru Fundazioko Etnologia saileko zuzendaria izan zan eta idazkari 1977. urtetik 2005. urtera bitartean. Labayruko kideek agur sentituak idatzi dizkiote: "Beragaitik izan ez balitz, Labayru (lehen Ikastegia, orain Fundazioa) ez zan heldu dan puntura ailegauko. Helmuga non egoan jakin eta haraino ailegetan ahalegin guztiak egin. Erakundea, formaltasunen gainetik, edukiz hornitzen bultz egin", idatzi du, adibidez, Adolfo Arejita fundazioko zuzendariak.

1972tik 1984ra arte Jose Migel Barandiaranekin elkar hartuta ibil zen eta Bizkaiko Etniker taldea sortu zuen –Etniker Euskalerria taldeetako idazkari ere izan zen–. Hain zuzen, ikerketa erakunde horren lan garrantzitsuenaren koordinatzaile lanak egin zituen: Euskal Herriko Atlas Etnografikoa.

Durangoko kultur mugimenduetan ere buru belarri aritu zen. Gerediaga elkarteko sortzaileetakoa izan zen eta idazkari lanetan aritu zen. Horrez gain, herri hartako Kurutziaga Ikastolaren sortzaileen artean ere egon zen, eta kultur zinegotzi jardun zuen diktadura osteko lehen udalbatzan.

Erantzun

Sartu