Teknologia albisteak

Rockdelux hil da: kultura-informazioa larri dago

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-04 : 13:54

Rockdelux musika aldizkari espainiarrak iragarri du kaleratu berri duen alea bere historiako azkena izango dela. 1984. urtean sortu zen Bartzelonan Rockdeluxen aurretiazko Rock Espezial izan zenaren jarraipen gisa edo. Hilabetekaria izan da 2020ko maiatzera arte. 394. alera iritsi dira. Erreakzioak ugari dira sare sozialetan, eta kultura-informazioa krisian dagoela nabarmendu dute askok.

Musika baino gehiago dakarren ale batekin esaten die agur irakurleei Rockdelux-ek: pop kultura orokorrean ageri da portadan, komikiak, Internet, liburuak, telebistako telesailak.

Tristuraz hartu dute zaletu askok ustekabeko agur hau (ez zegoen krisiaren iragarpenik azken aleetan). Etsipena marka konkretu bategatik baino gehiagogatik da, kultura-informazioaren krisi larri baten zantzuak ikusten dituzte askok beren mezuetan.

  • Mikel Lizarralde Berriako musika-kritikariak esan du: "Ezin sinetsita Rockdeluxek agur esaten duela. 30 urte baino gehiago daramatzat hilero-hilero erosten, eta gaur egun garai bateko pasioaz irakurtzen ez banuen ere, hileroko zita nuen aldizkariarekin. Zalantzarik gabe, nire musika gustuak eraiki dituen aldizkaria izan da".
  • Gorka Bereziartua Argiakoak: "Shock sentsazioarekin Rockdelux aldizkariak pertsiana jaitsiko duela irakurri ondoren. Zenbat musika deskubritu ote dugu urtetan orri horiei esker."
  • Mikel Alvarez Theindezents ikus-entzunetako saltseroak: "Pena handia, oso handia. Teknologia iraultza honek gauza asko eman dizkigu baina ez gara kontziente galtzen ari garen guztiaz. Hausnartzeko gaia da."
  • Iban Zaldua idazle eta musika kritikariak halaber (itzulita): "Harpidetza eguneratu berritan, ez nuen inongo susmorik. Ze seinale txarra. Zenbat proiektu ote daude hor, gutxi gora-behera osasuntsu iruditzen zaizkigunak, hari batetik zintzilik daudenak egiazki? Beldurra ematen du pentsatzeak."
  • Oier Aranzabal kazetari eta musikariak: "Ze nolako pena Rockdelux bezalako argitalpen bat galtzea. Zenbat kostatzen duen horrelako proiektu bat altxatzea, eta zeinen gutxi eraistea. Eta nago gehiago eroriko direla, ez bakarrik hedabideak".

Hauxe da Rockdelux-en webgunea: www.rockdelux.com | Paperezko aleak oraindik eros daitezke sareko dendatik.

Erantzun

Sartu