Teknologia albisteak

Euskal Herria post-COVID19: manifestu ekologista bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-02 : 18:33

COVID-19 pandemiak sortutako krisiari irtenbide ekologikoa ematearen alde agertu dira euskal inguru akademikoko ia 350 aditu, manifestu baten bitartez. Webgune bat (euskalherriapostcovid19.eus) sortu dute sinadurak biltzeko, eta bost egiteko nagusi azpimarratu dituzte manifestuan.

Sarrea luze samar bat du manifestuak, "norabidea aldatu" ideiaren inguruan. Ondoren, bost egiteko edo lerro nagusi, hemen kopiatzen ditugunak:

1.

Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkunde agregatuan oinarritutako garapen-eredua alde batera uztea. Zentzu horretan, iraunkortasun ezagatik edo funtsik gabeko kontsumoa gehiegi bultzatzeagatik txikiagotu behar duten sektore batzuk, batez ere jatorri fosil edo nuklearreko erregaiak erabiltzeari lotuak, meatzaritza, eta abar, hazi daitezkeen eta, beraz, inbertsioa behar duten ekoizpen-sektoreetatik bereizi behar dira (adibidez, funtsezko sektore publikoak, hala nola hezkuntza, osasuna, energia eta material iraunkorrekin lotutako sektoreak). Horretarako, beharrezkoa da BPGa adierazle nagusi gisa erabili beharrean, ingurumeneko eta ekonomiako kontabilitateko sistema integratuetan oinarritutako beste adierazle batzuekin eta garapen iraunkorreko bide bat markatzea helburu duten adierazleekin ordezkatzea. Horiek guztiek hazkunde ekonomikoak giza ongizatean eta planetaren ongizatean eta, adiera zabalenean, gizarte eta ingurumenean dituen eraginak kontuan hartu behar dituzte, bizitzaren iraunkortasuna bermatuko duen etorkizunera bideratu ahal izateko.

2.

Erakunde publikoek muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatzea, eta etorkizuneko belaunaldientzat zor bidegabe eta onartezina  saihestea. Era berean, Oinarrizko Errenta Unibertsala bitarteko, pertsonak zentroan jartzen dituen zainketa-sistema bat garatu behar da, gure zaurgarritasuna eta elkarrekiko mendekotasuna onartuta. Hortik abiatuta, ekoizpen-ereduaren helburua herritarren osasuna eta ongizatea bermatuko duten funtsezko ondasun eta zerbitzuak ziurtatzea izan behar da, erresilientzia gertutasunean, publikotasunean eta ondasun komunaren aldeko apustuan oinarrituz. Era horretara, merkatu globalarekiko, honek duen aldakortasunarekiko eta espekulazioarekiko mendekotasuna minimizatuko da, zeina, hein handi batean, funtsezko ondasun eta zerbitzu horien ekoizpena deslokalizatzeko estrategien mende dagoen. Erronka hau 0 km-ren kontzeptua zabaldu eta gauzatzean datza hain zuzen ere.

3.

Ingurumen-fiskalitate progresiboa diseinatu eta ezartzea, baliabide naturalen gehiegizko ustiapena albo batera utzi eta, aldi berean, klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko. Hori ere tresna estrategikoa izango da trantsizio ekologikoa finantzatzeko, bide batez zientzian eta teknologian nahitaezko inbertsioak eginez. Ekonomikoki aurreratuta dagoen herrialdea garen aldetik, neurri batean historikoki hartu dugun zor ekologikoarengatik, Europan aurrealdean kokatu behar gara garapen iraunkorreko politika errealak bultzatuz, eta ekintza politiko ororen erdian krisi klimatikoaren erronka jarri behar dugu. 

4.

Ingurumen-, ekonomia- eta gizarte- gehiegizko kostuak eragiten dituzten azpiegitura handietan eta garraiobide jasanezinetan oinarritutako mugikortasun-eredua alde batera uztea. Azpiegituretako inbertsio handiei luzamendua ezarri behar zaie, bai une honetan bai etorkizunean, behar diren funtsezko zerbitzuei lehentasuna emateko. Ezinbestekoa da mugikortasun-eredu berri bat diseinatzea, ingurumenari kalte gutxiago egiten diona eta energia gutxiago xahutzen duena, motorrik gabeko mugikortasunak eta garraio publikoak pisu handiagoa duena, eta hurbiltasun-sareak sortzea ardatz duena.

5.

Nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea, agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko. Horrek biodibertsitatea kontserbatzea, elikagai jasangarriak eta tokikoak ekoiztea bermatzen du, beti ere lan-baldintza duinetan oinarrituta. Horretarako, lurraldea berrantolatu behar da eta elikagaiak ekoitzi eta banatzeko kate globalak birkokatu behar dira, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko hurbiltasun-harremana bultzatzeko, eta biodibertsitatea, ura eta ingurune naturala hiri- herri- eta landa-guneekin eta haien prozesuekin orekan egoteko. Halaber, elikadura osasungarri eta elikagarrirako eskubidea errespetatu, babestu eta bermatzea, batez ere gaur egun bizi dugun bezalako krisi egoeretan.

********************

Hona manifestua, bere webgunean https://euskalherriapostcovid19.eus | Sinatzaileen zerrenda | Zeuk sinatzeko formularioa.

Erantzun

Sartu