Teknologia albisteak

PuntuOrg domeinuak ez dira espekulatzaile pribatuen esku jausiko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-03 : 10:22

Azken hilabeteetan polemika eta zalantza egon da Interneten ea zer gertatuko zen Puntu Org edo .org domeinuekin. Ethos Capital izeneko diru-funtsa batek erosi nahi zituen, eta komertzialki esplotatu, non eta orain arte batez ere irabazi asmorik gabeko ekimenen adierazgarri izan diren domeinuak. Azkenean, ordea, domeinuen kudeaketa daraman ICANN erakundeak ezetz erabaki du, apirilaren 30ean egindako biltzar erabakigarrian: ez dago kudeaketaren salmentarik.

ICANN-en erabakia eta prentsa-oharra funtsean zorrotzak dira, besteak beste honela dio: "Erosleak bere jabe korporatiboen interesak zerbitzatu beharko lituzke, eta ez da ikusten inolako planik puntuorg komunitatea babesteko edo bere alde egiteko". Kurioski, ICANN bera da puntuOrg darabilen erakundeetako bat: www.icann.org

Kontu hau 2019ko udazkenetik dator gutxienez. Salmenta posiblearena publiko egin zenean sortu zen Save Dot Org, salbatu puntu org, eta hainbat ekintzaile eta erakundek bat egin zuten protestarekin, salmenta ebitatzeko. Sustatun ere atera genuen albistea.

Azken asteetan, ekintzaileek beste argudio bat erabili izan dute PuntuOrg-en independentzia defendatzeko: Covid-19 pandemiaren garaian, Interneteko espazio libre eta prezio merkekoak are beharrezkoagoak dira, erakunde zibilek zeresanik izan behar badute krisi global honen erdian. Argudio horietxek erabili zituen SaveDotOrg-ek joan den astean. ICANN-en erabakian ez dago epidemiaren aipurik, baina baliteke giro sozial berri honek eragin izana.

Duela 20 urteko Interneteko domeinuen inguruan, .com, .net eta .org orokorrak zeuden salmenta librean, eta gero estatuz estatu, .es edo .fr edo dena delakoak. Salmenta librekoen artean ez zegoen kontrol handirik nork zer erosten zuen, baina ustez .org domeinuak ziren irabazi asmorik gabeko erakundeentzat, eta zentzu handi batean horrela iraun dute domeinu hori erabiltzen duten gehienek. Euskal Herrian apur bat denetariko puntuOrg-ak zeuden, baita instituzionalak ere, eta asko PuntuEus dira orain, baina geratzen dira PuntuOrg-ak inguruan, hala nola Eibar.org elkartea.

 

 

Erantzun

Sartu