Teknologia albisteak

Rakugo: ipuin kontalaritza japoniarra, euskaratuta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-24 : 10:23

Rakugo ipuin japoniarrak euskaraz entzuteko aukera dago hurrengo egunetan Euskal Herrian. Hiru emanaldi astebetean Hiromi Yoshida japoniarraren eta Azpeitiko Rakugo taldearen eskutik.

Ipuin kontaketaren formula berezi bat da Rakugo delakoa, Japonian garatua. Helduentzako kontakizunak dira, 15 minutu ingurukoak, eta kontalariak ez du antzezpen berezirik egiten, eserita kontatzen dizkie kontuak audientziari, oihal eta abaniko baten laguntzako atrezzo murritzarekin.

Honela deskribatzen ditu rakugo ipuinak Hiromi Yoshida japoniarrak: "Umorezkoak izaten dira istorioak, jendeak barre egitea izaten dute helburu. Eta, barre eragiteko, era askotako komeriak kontatzen dituzte: jende xumearen eta aberatsen artekoak, lapurren artekoak, mozkorrenak… Maitaleen arteko kontuak eta pertsonaia aldrebesenak ere askotan agertzen dira." Hiromi Yoshida da teknika hau Euskal Herrira ekarri duen pertsona; Gipuzkoako Hitzan elkarrizketatu dute.

Urtean bi aldiz Euskal Herrira etorri ohi da Yoshida, eta berak euskaratu izan ditu ipuinak. Hala ere, ez du segurantzia nahikorik hizkuntzarekin kontakizunak berak egiteko, baina bere inguruan taldetxo bat eratu du: Azpeitiko Rakugo taldea (irudian). Kimonoz jantzita baina euskaraz, azpeitiar emakume horiek egiten dituzte antzezpenak.

Hurrengo emanaldiak:

  • Osteguna, otsailak 27. Azpeitiko Udal Liburutegia.
  • Igandea, martxoak 1. Donostiako Bukowski taberna.

Erantzun

Sartu