Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituen alde diharduten zenbait erakunde Espainiako Kongresuan egon dira aste honetan, elkartzea nahi izan duten alderdi guztiekin eta, bereziki, gobernu gehiengo berria osatzen duten Podemos eta PSOErekin. Agiri batean azpimarratutako eleaniztasunaren aldeko sei puntu nagusi betetzen hasteko eta konpromisoak erakusteko garaia dela adierazi dute.
Euskal Herritik Kontseilua egon da ordezkatua, eta Paul Bilbao honen izenean. Beste erakundeak izan dira: A Mesa pola Normalizacion Linguistica (Galiziera), Ciemen (Katalunia eta nazioarteko eragitea), Iniciativa pol Asturianu, Nogara (Aragoiera), Plataforma per la Llengua (katalana), Omnium (katalana), eta Valentziako katalanaren izenean Escola Valenciana eta Accio Cultural del Pais Valencia.
Beraiekin bat egin dute (elkartu dira, alegia) PSOE, Unidas Podemos, BNG, EH Bildu, ERC, Junts Per Cat, CUP, EAJ, Más Madrid eta Compromis taldeetako ordezkariek.
Alderdi hauei eta hedabideei agiri bat eman diete erakunde hauek. Hauteskunde kanpainako garaikoa da agiria, "Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia" izenarekin sinatu zuten erakunde hauek guztiek, eta orain itzuli dira Kongresura gogoratzera oraintxe dela unea eta aukera politikoa han zehazturikoak (edo batzuk behintzat) betetzeko konpromisoak hartzekoa.
1. Gaztelania ez diren berezko hizkuntzek gaztelaniari aitortzen zaizkion eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte.
2. Eskubide horien artean, lehenik eta behin, ezagutu beharra dago. Hori gabe beste hizkuntza ofizialek desberdintasun handia agertzen dute gaztelaniarekiko, horrek ezaugarri hori jasota baitu. Eskubide eta betebehar berdinak aitortzeko, zentzuzko neurriak beharrezkoak dira hizkuntza horien ezagutza orokortua dagozkien lurraldeetara hedatzeko.
3. Estatuak, izatez eta eskubidez –eta ez orain arteko modu erretorikoan soilik–, dagokion izaera eleaniztuna bere gain hartu behar du legerian eta administrazioetan, konstituziotik bertatik hasita, eta pluraltasuna oinarri duen estatu eleaniztasuneranzko bidea egiteko, Belgikako, Suitzako edo Kanadako ereduei jarraiki. Gaztelania ez den berezko hizkuntzetako lurraldeetako herritarrengan agintea duen estatuko administrazioak errealitate eleaniztuna onartu behar du eta hizkuntza desberdinetan lan egin ahal izango du, non kokatuta dauden ere. Horien artean daude, besteak beste, Gorte Nagusiak, Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala eta Auzitegi Nazionala edo bestelako erakundeak, esaterako, Zerga Agentzia edo Gizarte Segurantza.
4. Beharrezkoa da lurraldearen zati batean edo lurralde osoan oraindik ofizialak ez diren berezko hizkuntzak ofizial bihurtzeko estatutu-erreformak bultzatzea eta laguntzea.
5. Hizkuntza-berdintasuna bermatzeko, Estatuak orain arte gaztelaniak izan dituen eskubideak eta betebeharrak berezko beste hizkuntzetara zabaldu behar ditu, esaterako, administrazio publiko guztietako, justiziakoa barne, langileen gaitasuna berezko hizkuntzetan, berezko hizkuntzen erabilera orokortua orri ofizialetan edota hizkuntza horien nazioarteko aitortza, gaztelaniarena bezalaxe. Halaber, estatuko araudian dagoen gaztelaniaren legezko inposizioa bertan behera utzi behar du. Horrek zuzenean eragiten dio eremu ekonomikoari, eta bereziki produktuen etiketei. Horrela, hizkuntza-bereizkeriekin amaitzeko eta gure hizkuntzen ezagutza zein hizkuntzengatiko errespetua zabaltzeko politika ausarta abian jarri behar du.
6. Estatuko botereek ezin dute hizkuntzen sustapenean harresi gisa jardun, eta lurralde barruko zein kanpoko banaketa administratiboak ezin izan daitezke hizkuntza-eskubideak mugatzeko aitzakiak. Hizkuntza-eremu bereko lurraldeen artean hizkuntza desberdinen erabilera administratiboa ahalbidetu behar da inolako mugarik gabe, eta hizkuntza-eremu horien barruan hedabideak bi noranzkotan hartzeko hitzarmenak sinatu behar dira.
Erantzun
Sartu