Teknologia albisteak

Naima El Bani Altuna: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut"

Erabiltzailearen aurpegia
Unibertsitatea.net
2018-12-28 : 09:00

Joan den azaroaren 20an izan zen Txiotesia lehiaketaren 4. edizioa. Euskal ikerlariek euren tesia laburbildu behar dute 6 txiotan. Txiolari ulergarrienaren saria Juanmari Agirreurretak irabazi zuen eta txiolari originalarenarena, berriz, Naima El Bani Altuna geologoak. Unibertsitatea.net atarian elkarrizketa egin diote azken horri, Artiko aldean egiten ari den tesia hizpide.

Naima El Bani Altuna, 25 urteko Bilbotarra da. Geologia ikasi zuen UPV/EHUn eta garai hartan hasi zen itsas mikrofosilak Debako estuarioan aztertzen. Gero Paleozeanografia masterra egin zuen Bordeleko Unibertsitatean eta Bizkaiko Golkoko foraminiferoak ikertzen hasi zen arren aukera berri bat suertatu eta Kanadara joan zen Artikoko foraminiferoak ikertzera. Handik gero Norvegiara, Tromsøra, eta han dabil bere tesia egiten.

Azaroaren 20an egindako Txiotesia lehiaketako irabazlea izan zen. 

Elkarrizketa egin diote Unibertsitatea.net atarian. Bertan duzue osorik; hemen lagin bat.

Geologoa zara... nondik sortu zitzaizun zientziarekiko eta ikerketarekiko grina?

Zientziarako grina txikitatik datorkit, ama biologoa da eta berak piztu zuen nigan interesa. Txikitatik izan nuen argi zientzia ikasi nahi nuela baina dantzan ibili nintzen diziplina desberdinetan. Denek pizten zuten nire jakin-mina. Hala ere, batxilergoko azken urtean Norvegia hegoaldera etorri ginen eta fiordoen ikusgarritasunak harrituta Geologia ikastea erabaki nuen. Eta nahi gabe, Norvegia iparraldera ekarri nau Geologiak 8 urte eta gero.

Artikoko paleozeanoa ikertzen ari zara baina Euskal Herriko itsas-hondoak ere aztertu zenituen aurretik.

Geologia egitea erabaki nuen baina itsas zientzietan espezializatzea nahi nuen hasiera hasieratik. Gradu amaierako lana aprobetxatu nuen itsas-zientziak, geologia eta aldaketa klimatikoa lotzen zituen zerbaiten inguruan lan egiteko. GrALa EHUko Alejandro Cearreta ikertzailearekin egiteko zortea izan nuen eta berari esker ezagutu nituen foraminiferoak. Debako estuarioan azken hamaika mila urteetan (Holozenoa deritzon garai geologikoan) eman diren ingurune aldaketak aztertzea izan zen nire lanaren helburua. Azken glaziazioan itsas-maila 120 metro beherago zegoen Europan eta deglaziazioan izotzaren urtzeak itsas-maila igoarazi zuen. Hori dela eta gure kostaldea Holozenoan zehar erabat aldatu zen. 

(...) 

Zientziaren dibulgazioa euskaraz egitearen garrantziak eraman zintuen twitter kontua zabaltzera. Baita txiotesian parte hartzera ere.

Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut, baita jendeak bertoko geologiaren gaineko interes pixka bat izatea. Ingelesez egin izan banu ez dut uste euskal komunitatearen arreta deitzea lortuko nukeenik eta twitter kontuari esker barrera hori apurtu dut akaso. Norberaren hizkuntzan esaten diren gauzak hurbilagoak zaizkigu eta horregatik uste dut dibulgazioa gure hizkuntzan egitea garrantzitsua dela. Nire aldetik, txiotesia ariketa pertsonal moduan hartu nuen, ideiak sintetizatu eta hobeto komunikatzen ikasteko.

Txiotesia Norvegian azaltzen hasi eta gai interesgarriak atera omen ziren: euskarak ba ote duen lekurik zientziaren esparruan...

Mundu globalizatu honetan asko gara Euskal Herritik kanpo lan egiten dugunak eta urrun egonda ere gure hizkuntza erabiltzen jarraitu nahi dugunak. Egun ingelesez bizi naiz, zientzia nire bizitzaren parte da eta euskara nire hizkuntza, eta nik biekin batera normaltasunez bizi nahi dut. Nire ustetan euskarak bere tokia topa dezake zientzian Euskal Herriko mugetatik kanpo ere, eta txiotesia bezalako ekimenek argi uzten dute zientzia euskaraz komunikatu daitekeela eta komunikatu behar dela. Korrikako kantak dio, ezta? Komunikatzen den herri bat ez da inoiz zatituko!

 

.............

Elkarrizketa originala Unibertsitatea.net atarian argitaratua, CC lizentziapean hona ekarria.

 

Erantzun

Sartu