Teknologia albisteak

Loiun lur hartzea zer den

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-01 : 09:05

Bereikua goitizena erabiltzen hegazkin-pilotu euskaldun batek bideoak egin eta partekatzen ditu Twitterren, hango edo hemengo aireportuetan lur hartzea zer den erakutsiz. Duela egun pare bat Loiun (Bilboko aireportuan) nola egiten den erakutsi du.

Hegoaldetik datorren hegaldi baten gerturatzea eta lurraratzea ikusten da. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko parajeak ikusiko dituzue bertan. Bideoa time-lapse eran egin da, edo bestela azkartua du berezko abiadura, agerikoa den bezala.

Txioen katean beste lagun euskaldun batekin detaile teknikoak komentatu dituzte, bideoan ikusten den Loiuko aireportuaren ezaugarri zehatz bat: umbral delakoa edo atalase handia duen pista duela Loiuk.

Atalasea zer den azaltzen saiatuko gara. Hegazkin pista bat bere luzetasun osoan erabil dezakete hegazkinek, logikoki, baina normalean ez dute hasiera-hasieratik erabiltzen, ez bada larritasun kasu batek eskatzen duela. Orduan, gomendatutako atalase bat dago pistan, normalean alderik alde grafikoki marraztua, eta horixe hartzen dute gidatzat pilotuek lur hartzeko puntu bezala. Nonbait Loiuko pista honek oso aurreratua du atalasea, eta hori omen da Txoriherriko etxeak eta urbanizazioak nahiko gertu daudelako hegazkinen bidean, eta atalase aurreratuak zarata gutxitzen laguntzen duelako.

Erantzun

Sartu