Teknologia albisteak

Liburubila aurkeztu dute, EAEko baliabide publikoetan dauden milioi bat liburu eta film aurkitzeko tresna

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-19 : 09:45

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Liburubila aurkeztu du, milaka liburu, ebook, film edota dokumentu historikorako sarbidea eskaintzen duen kultur edukien bilatzailea. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren edo eLiburutegiaren datu basearekin lotuta dago, 845.000 liburu, 16.250 liburu digital edota 67.267 ikus-entzunezkoren inguruko informazioa ematen du.

Proiektuaren helburua da erabiltzaileei informazioa eskaintzea, era erraz eta irisgarrian, aurki ditzaketen kultur edukiei eta horiek aurkitzeko lekuei buruzkoa. Eduki digitalen kasuan, Liburubila (www.liburubila.euskadi.eus) bilatzaileak horietara berehala jotzeko aukera eskaintzen du; gainerako edukien kasuan, maileguak ordenagailutik eskatzeko aukera ere ematen du.

Zehazki, Liburubila bilatzaileak 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikus-entzunezko artxibo (film fisikoak –gehienak DVD formatuan– edo film digitalak –eLiburutegiaren bidez, 1.600 baino gehiago–), 70.671 audio (gehienak liburutegien sarean eskuragarri dauden diskoak), 11.000 dokumentu digitalizatu, 4.500 irudi eta ordenagailuko 8.646 artxiboren gaineko informazioa eskaintzen du.

Bilatzailea Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarera eta haren katalogora lotuta dago. Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea 205 liburutegik eta 304 sukurtsalek (udalerri batek udal-liburutegi bakarra du, baina zenbait sukurtsal izan ditzake) eratzen dute; gehienak udal-titulartasunekoak dira, baina badaude udal-titulartasunekoak ez direnak ere (Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseum a…). Liburubilak zuzenean konektatzen du liburutegi horien guztien datu-basearekin, bai eta  eLiburutegiaren –Estatuko liburutegi digital handiena–, Liburukliken edo Ondareneten bidez kontsulta daitekeen eskaintza jaso dituen katalogoekin.

Tresna horren bidez, bilaketa-aukera desberdinak daude (egilearen, obraren edota hitzen arabera), eta informazio zabala eskaintzen du: funtsak kontsultatzeko aukera ematen du, non aurki daitezkeen, tituluak une horretan maileguan dauden ezagutu, informazioa esteken bidez orientatu, katalogoan sartu diren eta gure interesekoak diren titulu berriak egiaztatu, maileguak erreserbatu… Eduki digitalizatuen kasuan, Liburubilak sarbide zuzena eskaintzen du horietara, eta erraz lotzen du bilaketa kontsumo digitalarekin.

Euskadiko Artxibo Historikoan izandako ekitaldi batean aurkeztu zuten Liburubila joan den astean. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak (argazkian) eman zituzten azalpenak.

Informazio eta testuak hemendik hartu ditugu: Irekia - Eusko Jaurlaritza, cc-by

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago