Teknologia albisteak

Munduko superkonputagailurik ahaltsuena martxan da, IBMren "Summit"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-13 : 10:11

Ezkutuan gorde dute orain arte, eta aste honetan iragarri dute txalo eta txapligu artean. NVIDIAk eta IBMek sekula sortu den ordenagailurik ahaltsuena instalatu dute Oak Ridge Laborategian, Summit super-konputagailua. Segunduan 200 kuatriloi kalkulu egin ditzake. Astrofisikaren, osasunaren eta adimen artifizialaren inguruko ikerketetarako erabiliko omen da.

Munduko super-konputagailurik ahaltsuena da NVIDIAk eta IBMek eraiki duten hau, Summit izenekoa. Orain arte martxan izan duten Titan ordenagailua baino 5 aldiz bizkorragoa omen da Summit jaio berria. 4608 nodoz dago osatua, eta nodo bakoitzak bi prozesatzaile IBM Power 9 eta 6 azeleragailu Nvidia Tesla V100 ditu. Hau da, 9.216 CPU (Poser9) eta 27.648 GPU (Nvidia) ditu. 

Nola ez, Top 500 supercomputer ranking zerrenda ezaguna eguneratzen denean, top-topean egongo da Summit. Albiste honek, gainera, badu bere zera: azken 5 urteotan Txinan egon da munduko konputagailurik handiena eta Estatu Batuentzat ohore kontua zen zerrendako lehenengo toki hori berreskuratzea.

Bere ahalmena ikaragarria da: 200.000.000.000.000.000 (200 kuatriloi) kalkulu egiten ditu segunduko (200 petaFLOPS) eta 25 GBeko transferentzia-abiadura dago nodoen artean. Berdin gelditu zarela? Ez duzula tutik ulertu? Parametro "terrenaletan" azalduko dizugu: 

  • Summit horrek segundu bakarrean egiten dituen kalkuluak egiteko, gure planetako pertsona guztiak 300 egunez egon beharko ginateke operazio horiek egiten (suposatuz gizakiak gai garela kalkulu matematiko bat egiteko segunduko).  
  • Summiten memoria hain da handia eze (250 petabyte), 74 milioi urteko iraupena duten bideoak gordetzeko gaitasuna daukala.
  • 502 metro koadroko zabalera hartzen du (tenisko 2 kantxa oso adina).
  • 300 km fibrazko kable erabili dira nodoak elkarren artean konektatzeko.
  • Minuturo 15.000 litro ur behar ditu bere hozte-sistemak.

Eta zuen buruei galdetuko diezue: hau guztiau zertarako? Bada, modelo matematiko eta zientifikoak garatzeko eta kalkulatzeko, batez ere osasunaren arloan (genetika, minbizia,...), astrofisikan eta adimen artifizialarekin lotutako hainbat proiektutan. 

Informazio tekniko guztia ezagutu nahi duenak IBMren webgunean aurkituko du nahi adina datu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago