Teknologia albisteak

Wikipediako 6 graduko tartearen teoria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-10 : 11:16

Sarri entzungo zenuten "6 graduko tartearen teoriarena". Hau da, gure planetako edozein 2 pertsona lotu daitezkeela, asko jota, elkarren artean ezagun diren beste 5 pertsonaren arteko erlazioaren bidez. Six Degrees of Wikipedia webguneak hori berori egiten du, baina Wikipediako elementuekin. Eta berriro ere frogatu da 6 graduko lotura hori egia dela. Wikipediako edozein 2 pertsona lotuta daudela, asko jota, Wikipediako 5-6 artikuluko estekak erabiliz. Mundua txikia da gero!

Frigyes Karinthy idazle hungariarrak bota zuen lehenengoz 6 graduko tartearen teoria (Six degrees of separation), 1930. urteko ipuin batean. Ondoren askok erabili edo birformulatu dute, tartean Stanley Milgram psikologo estatubatuarrak (Milgramen teoria ere deitzen zaio teoria honi). Azken batean, teoria honek dioena da, mundu osoko edozein 2 pertsona harturik ere (demagun Afrikako boskimano bat eta Aulestiko gure aitaita), 2 pertsona horiek erlazionatu daitezkeela elkar ezagutzen diren beste 5 pertsonako katearen bidez. 

Six Degrees of Wikipedia webguneak horixe berori erakusten du. Wikipediako edozein 2 artikulu hartuta (ez bakarrik pertsonak), ikusiko duzu nahikoa direla 3-4 urrats beraien arteko erlazioa aurkitzeko. Lehenago ere neurtu eta demostratu da 6 graduko tartearena beste teknologia edo sare sozial batzuetan, hala nola, Twitterren (3,4 gradu) eta Facebooken (5,7 gradu). Guztietan ere, hausaz aukeratutako edozein 2 pertsona beti lotu daitezke 6 graduko tarte horretan (eta askotan gutxiago behar dira).

Azken batean matematika hutsa da. Demagun pertsona bakoitzak, batez beste, beste 100 pertsona ezagutzen dituela. Bigarren graduan 100*100 pertsona ditugu lotuta (10.000 lagun); eta hirugarren graduan 10.000*100, milioi bat pertsona lotuta, alegia. Horrela, 6 graduko tartean 1.000.000.000.000 elementu lotzeko aukera daukagu.

Guk egin ditugun proben arabera, badirudi bakarrik ingelesezko Wikipediako elementuak aztertzen dituela webgunea honek. Emaitzak, kasu honetan, 5-6 gradutik beherakoak dira ia beti (askotan nahikoa dira 2-3 esteka edozein elementu lotzeko). Ulergarria da, alde batetik pertsona "ezagunak" bakarrik daudelako Wikipedian eta, bestetik, pertsonak ez ezik Wikipediako edozein elementu aztertzen dituelako. Esate baterako, goiko irudirako aukeratu ditugun Julen Guerrero eta Albert Einstein lotzeko, nahikoa dira 2 urrats, Lituaniari buruzko artikuluak erlazionatzen dituelako futbolaria eta fisikaria.

Erantzun

Sartu