Teknologia albisteak

UEU liburu digitalak argitaratzen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia
UEU
2012-04-02 : 10:04

Paperean ez ezik, euskarri elektronikoan ere erosi daitezke dagoeneko Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) liburuak. Oraingoz PDF formatuan topatuko ditugu 2011an argitaratutako liburuak, baina laster EPUB bezala ere eskuratu ahal izango dira. UEUko arduradunen esanetan, etorkizunari begirako apustua.

Dagoeneko ez zaizkigu arrotzak egiten liburu irakurgailu elektronikoak, ez eta ordenagailu eramangarriak unibertsitateetako klaseetan ere. UEUk errealitate horri ez dio bizkarra eman, eta idazmakinatik ordenagailura egin zuen bezala, paperetik digitalera salto egiteko ordua dela erabaki du.

Hemendik aurrera, beraz, paperean ez ezik, euskarri digitalean ere eskainiko ditu UEUk liburuak. PDF formatuarekin hasi dira, baina 2012 urtean zehar EPUB formatua ere martxan izatea espero dute. Une honetan, 2011ko liburuak paperean zein euskarri digitalean eskuratu daitezke beraien web guneko DENDA ataletik (www.ueu.org/denda). Behin liburua erosita, hiru hilabeteko epea dago liburua nahi beste deskargatzeko. Gainera, aurrerago editatuko dituzten ePUBek ez dute DRMrik izango (jabego intelektuala duten artxiboen kopiatzea galarazten duten teknologia). Horrez gain, behin deskatalogatzen (gutxi gorabehera argitaratu eta hiru urte pasatu ondoren) direnean libre deskargatu ahal izango dira.

Prezioei dagokionez, paperezkoarekin alderatuz, liburu digitala %35 merkeagoa da, produkzioa bera merkeagoa delako eta edukin hau ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz.

Gogoratu behar da, hala ere, UEUk euskarri digitalean dagoeneko pauso batzuk eman dituela Buruxkak.org web gunearen bidez. Bertan, UEUk argitaratu dituen liburu, aldizkari eta doktorego-tesiak bildu eta euskarri elektronikoan unibertsitario euskaldunei eskaintzen zaizkie, ikasteko, irakasteko, irakurtzeko eta ikertzeko erabil ditzaten. Liburuen kasuan, deskatalogatutako argitalpenak PDF modura kontsultatu eta jeitsi daitezke, eta katalogoan daudenen erreferentzia, aurkibidea eta kapitulu bat eskaintzen da. Aldizkariei dagokienez, UZTARO (Giza eta Gizarte Zientzien aldizkaria) eta Aldiri-ren(Arkitektura eta Abar) ale osoak kontsultatu daitezke, azken urteko zenbakiak ezik. Azkenik, UEUk azken urteotan euskarazko doktorego-tesiak ere topatu daitezke bertan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago