Teknologia albisteak

Udan ere euskaraz bizitzeko, Euskal Udalekuak!

Erabiltzailearen aurpegia
Aritz Larreta Bereziartua (Euskal Udalekuak)
2012-03-27 : 14:03

Akaso, jakinaren gainean egongo zarete, baina, hala ez bada, jakizue, ireki dela, jada, euskal udalekuetarako izen-emate epea. Askotariko udalekuak ditugu Euskal Herrian: bertso udalekuak, musika udalekuak, zientzia udalekuak... Baina gaurkoan Euskal Udalekuez "hitz egin" nahi genuke. Abaigar, Goñi eta Bernedoko udalekuetan balio asko lantzen ditugu, baina horien guztien artean bat nabarmentzen da: gazteei euskaraz bizi ahal izateko aukerak eta tresnak eskaintzea, eta euskaraz bizitzearen aldeko kontzientzia sustatzea.

60. hamarkadan antolatu zituzten estreinako euskarazko udalekuak, ikastolen sorrerarekin bat. Urtean zehar ikastoletan egindako lanari jarraipena ematea izan zen euskarazko udalekuak sortzearen arrazoi nagusia. Frankismo garai gogorrak izan arren, 60. hamarkadan, jada, ikastoletan euskaraz irakasten zuten; klandestinitatean, baina euskaraz.

Esan beharrik ez da, ikasturtean zehar, asko egiten zutela ikastolek Euskal Herri euskaldunaren bidean. Dena den, batzuk horrekin ere konforme ez, eta udalekuak antolatzen hasi ziren, ikasturtean zehar ikastoletan euskaraz bizi ziren haurrek udan ere horretarako aukera izan zezaten. Barria, Saturraran, Deba, Ozaeta, Beire*... Udaleku mordoa antolatu zuten orduko euskaltzale haiek, eta orduko haiek egindako lanaren oinordeko dira Euskal Udalekuak.

Gaur egun, hiru etxe edo udaleku dituzte Euskal Udalekuek Abaigar, Goñi eta Bernedo. Guztira 11 txanda ditugu aurtengoan, uztaila eta abuztua bitartean, 1995etik 2005era jaiotako haur eta gazteentzat.

  • Izen-ematea apirilaren 13ra bitartean dago irekita, www.euskaludalekuak.org webgunean dagoen fitxa betez.
  • Informazio gehiago telefono honetan (18:00 - 20:00): 943751407.

Balio asko landu nahi izaten dituzte udaldian zehar, baina horien guztien artean bat nabarmentzen da: Euskal Udalekuetara datozen haur zein gazteei euskaraz bizi ahal izateko aukerak, tresnak… eskaintzea eta euskaraz bizitzearen aldeko kontzientzia piztea edota indartzea. Euskara da, beraz, Euskal Udalekuetan ardatz nagusi. Horretxegatik ekarri nahi izan ditugu Euskal Udalekuak hona, euskaltzale askoren topagune den Sustatura, udan ere euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen dutelako.

Erantzun

Sartu