Teknologia albisteak

Dramatzar atlantiarra eta espermatozoide dantzariak

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2012-03-13 : 09:03

Atzo hasi zen DFeria, Donostiako Udalak antolatzen duen antzerki jaialdia, eta bi ikuskizunetan izan ginen: Gonçalo Waddington-en konpainia portugesak taularatutako Rosmersholm, Henrik Ibsen norvegiarrarena; eta Cantica II ballet emanaldia, Emiliano Pellisari ekoizle eta zuzendariarena.


Cantica II. Promoziokoa

Programatzaileentzako azoka moduan jaio zen DFeria: antzokietako eta administrazioetako profesionalek hainbat ikuskizun bertatik bertara ikus zitzaten egun gutxitan, gero zer kontratatu erabakitzeko. Alderdi hori ere badu oraindik, baina aspaldi honetan publiko guztientzako jaialdia da, hainbat motatako antzezlanak eskaintzen dituena: dantza, haurrentzakoa, esperimentala, komertziala...

Astelehen arratsaldean, Egiako Gasteszenan Portugal-Norvegia konexio bitxi bat dastatu dugu. Gonçalo Waddington-en taldeak (bera da zuzendari eta protagonista ere), Ibsen-en lan bat taularatu du, Rosmersholm, bere garai soziopolitikoaren ("Panpin etxea", "Herriaren etsaia") eta garai sinbolistaren artean egina (1886), batzuen ustez egilearen onenetakoa den arren gure artean ezezaguna.

Johannes Rosmer herriko jauntxo familiakoa, apaiza eta alargundu berria da protagonista, bere baitan ideia tradizionalen eta modernoen arteko talka bizi duena, eta herriko talde kontserbadore eta liberalen lehiagai bihurtzen dena; Rosmer, eta Rebecca West, honen adiskide misteriotsua. Drama psikologiko sakon eta bihurgunetsua da berez obra, solasaldi etengabeko ordu bi irauten duena.

Klasikoak gaur ematean, hainbat bide zabaltzen zaizkio egokitzaileari: egungo garaira ekartzea, giro berezi batean kokatzea (Macbeth mafia txinoan, Hamlet pizzeria batean, Romeo eta Julieta Bronxen…), elkarrizketa gehienak ezabatu eta performance ikusgarriak eskaintzea... Waddington-ek kontrakoa egin du: eszenografia soil bat, baina XIX. mendeko elementuak gordetzen dituena, eta bertan jokalariak, antzezpen aski naturalean, dialogo osoa emanez. Ñabardura psikologiko asko dituen drama potoloa da berez, bere dohainak ere badituena, baina portugesez antzeztuta, testu oso luzearekin eta itzulpenak oholtza aldamenetako pantailetan irakurri beharrez (ezin aldi berean ekintza ikusi eta solasa irakurri), ba, apur bat astuntxo egin dela aitortu behar, eta ez da harritzekoa, beraz, hainbat ikuslek amaitu aurretik alde egitea.

Victoria Eugeniaren mendeurrena

Victoria Eugenia antzokian eskaini da eguneko izarra: Cantica II dantza-emanaldia. Aurretik, baina, antzokiak ehun urte betetzen dituela-eta, halako ospakizun txiki bat oparitu digute ikusleoi. Gauza bat izan du ona: laburra izan dela, eta politikoen presentziarik gabea; eta gauza bat niretzat txarra: Oscar Terol izan dela showmana; Terolen bertuteak ukatu gabe, euskal kulturan gabiltzanok ezin gara berarekin identifikaturik sentitu, aparte utzita askori ez diola grazia apurrik egiten. Donostiako kultura-arduradun berriek nahiko lan izango dute inertzia kolonialista zahar guztiak uxatzen, baina DFeriarekin hastea erraza zuten, egunen batean Zinemaldiari ekin baino lehen.

"Cantica II" pitxi bisual bat izan da. Emiliano Pellisariren berezitasuna omen da truku magikoetarako moduko tramoiekin jokatzea, eta halako liluraz jantzi du gaurko emanaldia ere. Sei dantzari gazte aritu dira oholtzako pantaila garden baten atzean, indibidualki gehiegi nabarmendu gabe, eta neska-mutilak ere aski jarrera androginoz; talde-konposizioak nagusitu dira, dozena bat koadrotan zehar, eta dantzariak edozein norabidetan mugitzen ziren, grabitaterik gabeko espazio batean bezala, airean hegan dabiltzan iratxoak edo likido seminalean igeri doazen txalburuak balira moduan.

Balletaren ezaugarri bat izan ohi da gorputzen mugimendua eta musika aski izatea edertasuna sortzeko, baina gehienetan narrazio baten sostengua ere behar izaten du, bestela koreografia aurki bihurtzen da gimnasia-ariketa hutsa. Kasu honetan, Danteren "Jainkotiar komedia"ren pasarteak ziren haria, baina, italiera aski ulertu ez dugulako edo numero laburrak zirelako, dantzaren esanguraren interpretazio beharrik gabe ere gustura dastatu dugu: zati batzuen edertasun plastikoa berebizikoa zen; ilusionismo kutsua, deigarria (mugimendu batzuk errepikakorrak izan diren arren); musika-aukera, guztiz egokia; erritmoa, bizia; intentsitatea, gorakoa. Dantzazaleentzako festa, beraz.

Erantzun

Sartu