Teknologia albisteak

Udalekuetarako izen-emateak ireki dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-03-15 : 11:03

Oraindik neguan gauden arren, egunotan iragarri da haurren udalekuen eskaintza nagusia. Kasurik gehienetan, gainera, izena emateko epea ere ireki da edo datozen egunotan irekiko da. Hasteko, Euskal Udalekuen eskaintza dago (Abaigar, Goñi eta Bernedoko udalekuena); datorren astetik aurrera hasiko da izen-ematea. Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek antolatutako udalekuetan dagoeneko zabalik dago izen-ematea, datorren martxoaren 23ra arte. Eta Bertizko Partzuergoak ere asteon aurkeztu du Nafarroan izango den eskaintza; Arantzan eta Beintza-Labaienen izango dira "Euskaraz Blai" udalekuak.

Euskal Udalekuak

Euskal Udalekuak

Eskaintzarik "beteranoena" Euskal Udalekuena da. Azken 50 urteotan milaka eta milaka euskal ikasle pasa da Euskal Udalekuetatik (Beire, Urdirotz, Barria, Antzin, Saturraran...).

Uda euskaraz eta euskaratik bizitzeko urtero antolatzen diren udalekuak dira. Azken urteotan bezala, aurten ere ehundaka ume bilduko dira Abaigarreko, Bernedoko eta Goñiko udaleku ezagunetan.

Izen-ematea aste honetan irekiko da eta apirilaren 13ra arte luzatuko da.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak

Foru Aldundiek aste honetan ireki dute bere udalekuetan izena emateko epea. Martxoaren 23ra arte, Arabako, Bizkaikoa eta Gipuzkoako Aldundiek antolatzen dituzten udalekuetan parte hartzeko aukera izango dute 7 eta 13 urte bitarteko haurrek.

Izen-ematea dagoeneko ireki da eta martxoaren 23ra arte egongo da zabalik.

Aurtengoan 1660 plaza egongo dira, hartarako dauden 14 instalazioetan banatuta: 7 Bizkaian (Bizkaia-Athletic, Gorliz, Zugaztieta, Lapurreketa, Lauaxeta, Lurraska eta Urduña); 2 Araban (Barria eta Zuhatza), eta 5 Gipuzkoan (Hondarribia, Orio, Segura, Zarautz eta Zestoa).

Eskaera banaka edo taldeka egin daiteke (taldeko 3 neska/mutil gehienez) eta plaza lortzeko orduan aukera berdintasuna bermatzearren, ume bakoitzeko eskaera-orri bakarra onartuko da. Izena emateko eta informazio gehiago lortzeko, aldundiek sortutako webguneetara jo dezakezue:

Bertizko Partzuergoa

Aurreko urteetan bezala, abian da "Euskarazko udalekuak - Euskara blai". Ikasleen euskara suspertu eta indartzeko asmoz antolatzen diren udalekuak dira. Proiektuak 12 urte bete ditu, oso emaitza onekin: iaz 800 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten A, B eta D ereduetan.

Izen-ematea martxoaren 12an hasi zen eta apirilaren 4ra arte irekita egongo da.

Informazio guztia Bertizko Partzuergoaren webgunean aurkituko duzue.

Erantzun

Sartu