Teknologia albisteak

Sare sozialen eboluzioa: sortzailearentzat esfortzu gutxi eta hartzailearentzat bazka asko

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Azpillaga
2010-10-17 : 13:10

Sare sozialen kontua pixkat perspektibatik ikusita, iruditzen zait bi arrakasta gako dituela: sortzailearentzat esfortzu gutxi eta hartzailearentzat bazka asko.

Batetik, lagunen kontuak interesatzen zaizkigula. Hori da sare-sozialen funtsa. Gertu sentitzen ditugunen gauzarik ñimiñoena garrantzitsuagoa da urrunagokoen arrazoirik haundiena baino. Eta, urruneko norbaiten arrazoia bada, izan dadila gertuko norbaiten filtrotik pasata. Gertukoen kontuak badira, prest gaude egunero 20 minutu kontuoi begira pasatzeko, kapaz gara 100 argazki, 20 artikulu eta 10 bideo ikusteko. Eta, dena filtratzen digute ja lagunek: albisteak, liburuak, argazkiak, bideoak... (Bide horretan, inork aipatu du arriskuren bat: gustuko jendearen iritziak soilik jakiten direla)

Bestetik, lagunei gure kontuen berri ematea gero eta errazagoa dela. Haseran, blogak ziren gure espazio. Baina, blog bat idaztea lana da, ezin dira egunean bost artikulu idatzi. Gero argazkiak eta bideoak etorri ziren, Flickr eta Youtube. Eta han ere eskaintzen dugu gure berri. Gero objetu sozial bihurtu genuen beste edozer: geolokalizatutako puntua, tabernen gomendioa, ibilbidea... Baina, horiek ere lanak dira. FriendFeed-ek denak batzen ditu, baina hori hobeto egiten du Facebook-ek. Eta, Twitter etorri da gero. Di-da zure kontuak, beldurrik gabe egunero-egunero mordoa. Zertan ari zara? 140 karaktere. Facebook-ek ere kopiatu zuen hori eta are gauza ñimiñoagoak konpartitzen hasi: me gusta, no me gusta. Eta, oraindik informazio gehiago sortzen da eta modu errazagoan Foursquare, Gowalla edo Google Latitude modukoetan: ia ezer egin gabe esaten duzu non zauden.

Horra tendentzia: gero eta bazka gehiago hartzailearentzat -denbora errealean- eta gero eta errazagoa hori sortzea norberarentzat.

Eta, bide horretatik, zer etorri daiteke hurrena? Ba oraindik lan gutxiago eginda, lagunentzat informazioa sortzea. Okurritu zitzaidan, adibidez, zera: 2 minutu bazaude webgune bateko orria irakurtzen, automatikoki sortu daiteke twitt moduko bat zure lagunentzat esanez jazpillagak 2:20 segundu eman ditu orri hau irakurtzen. Ez dirudi oso garapen zaila, Firefox edo Chrome-rako estentsio bat sortzea bide horretan. Eta, orri horretan dagoen objetua liburua bada, bideoa bada... ba objetu horren inguruko gomendio bezala ulertu daiteke hori eta zuk 2 minutu eman dituzula nolabait interpretatu, gustuko duzula edo ez. Edo, xagua non ibili duzun, scroll-a erabili duzun... horiek guztiak ere interpretatu daitezke ondorioak ateratzeko. Edo sareko bestelako mugimenduak egitearekin batera konpartitzeko baimena emango dugu.

GetGlue deskubritu nuenean, iruditu zitzaidan hortik zihoala. Baina, oraindik gehiago etorriko dira, fijo.

Eta horrek bueltarik ez badu ere, era berean iruditzen zait rebote efektua gertatuko dela: lagunen gauza ñimiño guztietaz pixkat aspertu eta gauza landuxeagoak konpartitzea berriro indartuko dela.

Jatorrizkoa: Josu Azpillagaren Posterous

Erantzun

Sartu