Teknologia albisteak

Where is Villa?

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-17 : 16:09

Hasi da Donostiako 58. Zinemaldia eta estreinaldirako, sail ofizialean, Felipe Cazals mexikarraren film sendo bat eskaini digute: Chicogrande, tropa estatubatuarrak Pancho Villaren bila Mexikora sartu zireneko gertaeretan oinarritua. Western bat balitz bezala, baina Rio Granderen beste aldetik, ez gringoen baizik mexikarren ikuspegitik. Gaurko eta hemengo ikusleari ere zer pentsatua eskaintzen dion lana, dudarik gabe.


Jatorrizkoa: Promoziozkoa © cc-by: Donostia Zinemaldia

Pancho Villa jeneral matxino eta iraultzaile mexikarra gure background kulturalaren eta are folklorearen parte bihurtua dugu, hainbat pelikula eta corridori esker. Hemen, ordea, abiapuntua besterik ez da: Villa zauriturik dago, mendian gorderik, eta harentzako medikua bilatu beharra dago (Zumalakarregi balitz bezala edo). Aitzakia historiko horretan oinarriturik Cazals zuzendariak kontatu nahi digun istorioa bestelakoa da, eta bi gai nagusitzen direla esango nuke.

  • Batetik, herri ahaltsu batek ahulago bat menderatzen duenekoa, edo inperialismoaren salaketa. Soldadu iparramerikar batzuen harrokeria xaloa, besteen mespretxu arrazista, baten baten kontzientzia txar kristaua, beste batzuen mozkorkeria axolagabea... horiek guztiak, duela ehun urteko Mexikon bezala ikus edo suma litezke egungo Iraken edo Afganistanen, esaterako. Baita herritar gehienen gorroto isila, bertako gobernu txotxongiloaren txepelkeria, bizimodua ateratzearren bere burua edo besterena saltzeko prest daudenen ezinbestea... Paralelismoen bila ibili gabe ere begi-bistara etortzen zaizkizu, hala nahiko zuen zuzendariak, eta hala beharko zuen seguru asko, nahi ezta ere.
  • Beste gaia, berriz, eta fondo historikoaren gainetik nabarmenduz doana, borrokalari apalaren sakrifizioa da, liderrarekiko amodioz edo kausarekiko debozioz dena emateko prest dagoen errebelde zintzo baina ezezagunaren heroitasuna. Chicogrande dugu batetik, Fenton maiorra bestetik: biak gizon gogor eta zailduak, baina bata idealek mugitzen dutena eta bestea, aldiz, uniformeak. Apur bat demagogikoa dela? Baliteke, baina zinematokian ikusi ditugun milaka pelikulek gorde izan dute on eta gaiztoen eskema hori. Ez dugu hau horregatik gaitzetsiko, nahiz eta filmaren sinesgarritasunari ere erasaten dion.

Eta bi gaien artean, edo biak zipriztinduz, beste bat: tortura. Soldadu yankiek atxilotu mexikarrekin aplikatzen dutena. Chicograndek badaki zer gerta litekeen, eta horretarako prestatu nahi du Juansaras bere laguntzaile gazte sutsua. Mediku iparramerikarrari, berriz, ezinegona sortzen dio tormentuaren konplize izan beharrak... Zineman askotan ikusi ez badira ere gai eternalak, eta zeluloidetik kanpo hemen ere ezagunak, zoritxarrez.

Erantzun

Sartu