Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXIII. Jokin Zaitegi Sariketa antolatu dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena. Müller-en Atemschaukel (Arnasaren kulunka) lana euskaratuko du sarituak, 2010eko Durangoko Azokan aurkezteko.
Arrasateko AED euskara-elkarteak aspaldidanik antolatzen duen sariketa hau itxuraldatu egin zen 2002an: urtero Literaturako Nobel saria irabazten duen idazlearen obra bat itzularazten da orain. Aurtengo XXIII. Jokin Zaitegi Sariketaren helburua, Müller-ek idatzitako Atemschaukel (Arnasaren kulunka) eleberriaren lehengo orrialdeak itzularaztea da. Arrasateko EAD Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Kutxaren laguntza izan dute.
Hona hemen oinarriak:
- 2009an Suediako Akademiak Herta Müller idazle errumaniar-alemanari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Müller-ek idatzitako Atemschaukel (Arnasaren kulunka) eleberria itzularaztea da.
- Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo orriak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED Elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2009ko abenduaren 18a baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta sobre horren azalean goiburu bera errepikatu.
- Lehen orri horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku, hauek eskatu ahala (telefonoz, idatziz nahiz e-mailez). Internet bidez ere lortu ahal izango da testu hori.
- Joxe Austin Arrietak, Joxe Mari Berasategik eta Itati Marañonek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2010eko urtarrilaren amaiera baino lehen.
- Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.
- Era berean, antolatzaileek aukera izango dute itzulpenerako proposatutako obraren ordez egile beraren beste lan bat hautatzeko, sariaren erabakia jakinarazi baino lehen, betiere. Lanaren luzeraren arabera egokitutako litzateke sariaren dirua ere.
- Irabazleak 5.500 euroko saria irabaziko du Atemschaukel (Arnasaren kulunka) eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2010eko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
- Elkar etxeak eskubideak aurrez eskuratuta argitaratuko du Atemschaukel (Arnasaren kulunka) eleberria euskaraz, eta 2010eko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Kutxa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.
- Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Harremanetarako:
- liburuak@elkar.com 943310267
- aed@aedelkartea.com 943771228
Erantzun
Sartu