Iruñeko herritar ugari izan dira Maisonnave Hotelean ospatutako Kontseiluaren erakusketa ibiltariaren aurkezpenean. Euskalgintzako ordezkariak, politikoak, kultura munduko eragileak
guztiek eman nahi izan diote ongietorria Kontseiluaren azken hamar urteen errepasoa egiten duen erakusketari. Duela 10 urte, Bai Euskarari lemarekin Sadar betetzea lortu genuen, eta orain, berriz zuengana itzuli gara Euskaraz bai lema berria errealitate bihurtzeko asmoarekin, gogorarazi du Xabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak.
Kontseiluaren erakusketa ibiltaria Iruñeko Auzoenea elkartean (Aldapa kaleko 3. zenbakian) izango da ekainaren 2tik 6ra arte eta honekin batera, Euskaraz bai astea ere ospatuko dute egun hauetan zehar. Honen guztiaren helburua, euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzea da, izan ere, hasierako Bai euskarari leloaren bilakera da Euskaraz bai. Orain aurrerapauso bat eman behar dugu euskararen normalizazioan, euskaraz bai egitea, alegia; ez da nahikoa euskararen aldeko izatea, euskarak hiztunak behar baititu, azaldu du Mendigurenek.
Euskaraz bai lema berria izanik, erritmo berriak jarri nahi izan dizkiote eta RPV taldeko The Doctor J eta Magic Moltoren esku utzi dute hip-hop erritmoekin Euskaraz bai adierazpena aurkeztea. Adierazpen honi babesa adierazi nahi dion herritarrak, modu errazean egin dezake: www.kontseilua.org/euskarazbai helbidean sartu besterik ez du. Gizarteko hainbat sektore atxiki dira dagoeneko adierazpen honi: kirolariak, sindikatuen ordezkariak, euskalgintzakoak, etab. Euskaraz bai lema gizarte osoan zabaltzea baita Kontseiluaren helburua.
Kontseiluaren erakusketa
Panelek, argazkiek, ordenagailu bidezko aurkezpenak eta ikus-entzunezkoak osatzen dute Kontseiluaren erakusketa hau. Baigorrin hasi zen erakusketa eta Tolosa, Santurtzi edo Amurrio bezalako herrietatik pasa ostean, Iruñeara iritsi da azkenean, adierazi du Maite Indak, Kontseiluko Euskaraz bai dinamika herrietan proiektuaren teknikariak. Euskal Herriko herrialde guztietan egongo den erakusketaren bidez Kontseiluak zer lan egiten duen azaldu nahi die herritarrei.
Erakusketarekin batera, euskaraz bai astea antolatuko da herri hauetako bakoitzean. Euskararen inguruko hitzaldiak, antzerkiak, kontzertuak, kirol-lehiaketak, graffiti-erakusketak
antolatu dituzte erakusketa izango den herrietan, azaldu du Indak. Iruñeko kasuan, euskalgintzako ordezkari den Kalen Astizek eman du EGITARAUAren berri. Aipagarria da, asteko egun bakoitzean sektore ezberdinen lanketa berezitua eginen dela erakusketara gerturatzeko bisitak lotuz:
Ekainak 3, asteartea (Langileen eguna): 20:30etan Zabaldin, hizkuntza-eskubideen tailerra, Behatokiak eskainia (Paul Bilbaoren eskutik, Behatokiko zuzendaria)
Ekainak 4, asteazkena (Hezkuntzaren eguna) Euskaraz bai bertsotan eguna. Iruñerriko auzo eta herrietan aldi berean izanen dira saio guztiak, iluntzeko 20:00etan hain zuzen ere.
Atarrabian, Basajaun tabernan
Burlatan Euskal Herria Peñan
Errotxapean Maiteminduen parkea
Txantrean Akelarre Elkartean
Arrosadian Alboka tabernan
Donibanen Onki Xin Tabernan
Ekainak 5, osteguna (Gizarte eragileen eguna) Euskaraz bai adierazpenaren grabazioa Auzoenean
Ekainak 6, ortzirala (eragile kulturalen eguna): eskailera eguna dela probestuz, astea festa giroan amaitzeko aukera izanen dugu.
Honetaz gain, alde zaharreko zenbait komertzio eta tabernetan euskaraz eskatuz gero sorpresa goxoa izanen dugula aipatu du Kalen Astizek. Izan ere, euskaraz eskatzen dutenek goxokiak jasoko dituzte Iruñeko hainbat establezimendutan.
Erantzun
Sartu