Teknologia albisteak

Kontseiluaren 10. urteurrenaren harira

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2008-04-22 : 12:04

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren Urteko Batzarra Lapurdin izan da aurten, Bidarten hain zuzen. Bertan, Kontseilua osatzen duten 46 bazkideen hainbat ordezkari bildu dira. Batzarrean 10. urteurrenaren azken ekitaldiaren data eta lekua iragarri dute: "Abenduaren 13an Barakaldoko BECen egingo dugu ekitaldi nagusia".

Kontseiluak 10 urte bete ditu eta hainbat arlotan bidea ireki du. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko sortu zen eta horretan eman ditu 10 urte oparo hauek. "Euskal Herriko 122 herritan ari gara lanean, 1.500 enpresa baino gehiagok euskararekiko erantzukizuna hartu dute Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez eta urtez urte herritarrek kontzientzia handiagoa dute beren hizkuntza-eskubideez Behatokiak egiten duen lanari esker", aipatu dituzte, besteak beste.

Euskalgintzaren bilgune den Kontseiluak lan handia egin du normalizazioaren bidea irekitzeko. Bidean asko izan dira ‘Bai euskarari’rekin bat egin dutenak. Orain, Kontseiluak ‘Euskaraz bai’ra pasatzeko proposamena egin du. “Aurrera egiteko premia dagoela uste dugu, ‘bai euskarari’ esatetik ‘euskaraz bai’-ra jauzia egin behar dugu”, adierazi dute.

‘Euskaraz bai’ leloa errealitate bihurtzeko, Euskararen Gizarte Erakundeek ‘Euskaraz bai’ adierazpena osatu dute. Horren bidez euskararen egoeraren azterketa eta etorkizunarekiko erronkak azaltzen ditu helburu jakin batekin: euskararen normalizazioaren ahaleginean elkarlana sustatzea, horretarako gizarte-eragileen, erakundeen eta jendartearen atxikimendua lortuz. Etorkizunera begira oinarrizko ildo hauek proposatzen dira ‘Euskaraz bai’ adierazpenaren bidez:
1. Euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea.
2. Funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea.
3. Euskara lehentasunezko hizkuntza izatea.
4. Hori guztia egiteko lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar dira.

‘Euskaraz bai’ adierazpena gizarte eragileen atxikimenduak biltzen joango da egunotan. Dagoeneko Kontseiluaren sortzaile izan zirenek agerraldi publiko batean babesa adierazi zioten testuari. Hurrengoak Euskal Herriko hainbat kirolari izango dira. “Kirolariek ere ‘Euskaraz bai’ esatera gonbidatuko ditugu apirilaren 29an Osasuna futbol-taldearen estadioan egingo dugun ekitaldi batean”, aurreratu dute Kontseiluko ordezkariek.

Era berean, beren sinadurarekin ‘Euskaraz bai’ esan nahi duten herritarrek nola egin dezaketen azaldu dute. ‘Euskaraz bai’ adierazpenarekin bat egiteko bidea Kontseiluaren webgunean sartu eta atxikitzea da: www.kontseilua.org/euskarazbai

Erakusketa ibiltaria
Kontseiluak apirilaren 21ean ‘Kontseilua 10 urte bidea irekitzen’ erakusketa ibiltaria aurkeztuko du. Honela, urte hauetan egindakoen berri emango die herritarrei, proiektu eta ekimen interesgarrienak ezagutaraziz. Ordenagailu bidez antolatutako erakusketa interaktiboa izango da. Erakusketa honako herrietan egongo da ikusgai: Tolosa, Portugalete, Amurrio, Gernika, Markina, Iruñea, Bergara eta Lazkaon, besteak beste.

EUSKARAREN GIZARTE ERAKUNDEEN KONTSEILUA:
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen duten bazkide guztien izenak, ondorengo hauek dira: AEK, EHIGE, ELKAR, Berria, IKA, Euskara Elkarte eta Herri Aldizkarien Topagunea, Antzerki Talde Amateurren Elkartea, Argia, Artez euskara zerbitzua, Bertsozale Elkartea, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Idazleen Elkartea, EIRE, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, Elhuyar Aholkularitza, Elhuyar Fundazioa, Emun, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Konfederazioa, Euskalan, Gaiak, Gerediaga Elkartea, Goiherriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Hau Pittu Hau, Hik Hasi, Hitzez, Ikastolen Elkartea, Ilazki Euskaltegia, Jakin, Karmel, Maizpide Euskaltegia, Mendebalde, Oinarriak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Plazagunea, Sortzen-Ikasbatuaz, Udal Euskaltegietako Langileak, UEU, Ulibarri Euskaltegia, Urrats Euskaltegia, Kristau Eskola, Euskal Kultur Erakundea, Eusko Ikaskuntza, Ikerfolk ,UEMA eta gaurtik aurrera Iberba.

Erantzun

Sartu