Teknologia albisteak

Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko arau egokirik?

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2008-03-25 : 11:03

Martxoaren 15a kontsumitzaileen nazioarteko eguna dugunez Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkariak erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideen bermeaz mintzatu dira.

Kontseiluak EAEko Kontsumitzaileen Eskubideen Dekretu-proiektua eskuratu eta aztertu du; hain zuzen ere, Dekretuaren alde positiboak azaltzeaz gainera, zuzendu beharrekoak ere aipatu ditu. Hiru ekarpen nagusi nabarmendu dituzte bozeramaileek: hizkuntza-eskubideak bermatzeko xedez sorturiko arauak udalerri guztietan aplikatu behar direla, enpresen tamaina irizpideak ez duela muga izan behar, jardun ekonomiko guztiei eragin behar diela eta ez zaiela lehentasun berezia eskaintzen gai arriskutsuei eta botikei, azken horien erabilera desegokiak ondorio larriak izan baditzake ere erabiltzailearentzat.

Elementu positiboak
Dekretuaren alde positiboak nabarmendu dituzte lehendabizi Kontseiluko ordezkariek. “Berri ona da eskubideok babestuko dituen dekretu bat sortuko dela jakitea”, adierazi dute. Hizkuntza-eskubideen babeserako legezko arauak beharrezkoak ez ezik, ezinbestekoak dira eskubideok bermatzeko.

Halaber, araua ez betetzeak mota desberdineko ondorioak izan beharko dituela nabarmendu dute ordezkariek. “18. artikuluak aurreikusten du ondorioak egongo direla dekretua ez bada betetzen, halere, ez da zigorrik aurreikusten hizkuntza-eskubideak urratzeagatik”, salatu du idazkari nagusia den, Xabier Mendigurenek.

Bestetik, positibotzat jo dute dekretu zirriborroan egokitze-epeak aurreikusteak: “Arauetara egokitzeko epe onargarri eta jakin bat izan behar dute establezimenduek”. Halere, arautu gabeko sektore handia kanpo geratzen dela ohartarazi dute, sektore jakin batzuetan ari delako, tamaina jakin bateko enpresak bakarrik hartzen dituelako.

Zuzendu beharrekoak
Kontseiluak egindako lehen zuzenketa eremu administratiboei buruzkoa da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak Vascuenceren legean bezala, lurraldearen zonifikazioaren alde egin du dekretu proposamen honetan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak arauz urratzeko bidea ezarriz. Arauok hizkuntza komunitateak presentzia duen gune administratibo guztietan aplikatu behar dira. EAEri dagokionez, beraz, udalerri guztietan. “Edozein kasutan garbi utzi behar da hizkuntza gutxitu baten kasuan ezagutza-tasak ez duela haren lurraldea definitzen”, azaldu dute.

Bigarren zuzenketa dekretu-proiektuak proposatzen duen enpresen tamainaren arabera ezarri den mugari buruzkoa da. Enpresen tamaina irizpideak ez du eskubidea bermatzeko unean muga izan behar, dekretuak enpresa guztiei, merkataritzakoei barne, eragin beharko lieke. “Egokitzeko zailtasun handiagoak dituztenek laguntza gehiago jaso behar dute dagozkien helburuetara iristeko”, adierazi dute.

Hirugarrenez, kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak jardun ekonomiko guztietan bermatu behar dira. Dekretu-proposamen hau nagusiki garraioaz, telefonia enpresez, energia hornitzaileez eta gainazal handiez ari da, gainerakoak kanpoan utziz. Idazkari nagusiak gai arriskutsuei arreta berezia eskaini behar zaiela nabarmendu du. “Lehentasun berezia eskaini behar zaie gai arriskutsuei eta botikei herritarrengan izan dezaketen eraginarengatik”, azpimarratu du ildo politikoko arduradunak.

Bestetik, etiketen gaia guztiz kanpo uztea salatu dute Kontseiluko ordezkariek. Euskal Herrian salerosten diren produktu eta zerbitzu guztiei aplikatu behar zaie euskaraz etiketatzeko araua.

Halaber, arauak behar duen progresibitatea nabarmendu dute, hau da, progresibitatea zehazteko epeak ezarri behar dituela. “Enpresak egokitzeko epea beharrezkoa da, ez dugu inoiz kritikatuko epe luze bat hautatzea, bai, ordea, eperik gabe aritzea, horrela ez baita ziurtatzen progresibitatea”. Azkenik, Kontseilua edo alor sozioekonomiko lanean ari diren euskalgintzako elkarteak ez direla kontsultatuak izan ohartarazi dute.

Dekretu-proposamen horren ondorioz unibertsalak diren hizkuntza-eskubideak urratzeko bidea eskaintzen dela ikusirik, bere horretan onartu bezain pronto Kontseilua helegitea jartzeko aukerak aztertzen ari da.

Gaurkoa ez da Kontseiluak erabiltzaileen eskubideen garrantzia azpimarratzen duen lehen aldia. Batetik, iaz Kontseiluak “Euskaldunon hizkuntza-eskubideak kontsumo harremanetan” txostenaren bidez egoeraren azterketa egiteaz gain, babeserako beharrezkoak diren puntuan aipatu zituen. Gaur dekretu-proiektuari egindako zuzenketak aurretik jakinarazi zituen: epeen beharra, gune administratibo guztietan agertu beharra, lehentasun berezia behar dutela gai arriskutsuek eta botikek…

Behatokiak ere, iaz gaiari buruzko txosten berezitua argitaratu zuen. “Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian” titulupean Europar Batasuneko, Frantziako Estatuko, Espainiako Estatuko, Nafarroako eta EAEko araudia aztertu zuten. Horren bidez, euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez direla bermatzen ondorioztatu zuten. Azterketa kontsumitzaile euskaldunek gero eta kexa gehiago egiten dituztela egin zuten. Behatokiak kexak ‘euskararen telefonoa’ren bidez jasotzen ditu (www.euskararentelefonoa.com). “Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian” txostena eskuratzeko: http://www.behatokia.org/dokumentuak/TB09E.pdf

Bai Euskarari Ziurtagiria
Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideen bermean erabateko garrantzia du eragile sozioekomikoak hizkuntzaren normalizazioaren alde egiten ari diren lanak. Entitateetan hizkuntza-normalizazioaren alde bide luzea egin du Kontseiluak. Horretarako, berebiziko tresna da Bai Euskarari Ziurtagiria.

Gaur egun Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen duen Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez, 1.530 entitatek baino gehiago hasiera eman diote bezeroaren hizkuntza-eskubideak bermatzeko bideari. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez erantzukizuna hartu badute, bidean oztopoak izaten dituzte, hala nola, euskara hutsez etiketatzen dutenek isuna jaso dezakete, erdaraz etiketatu duen inork, berriz, ez du isunik jasoko. Aldi berean, adibide gisa farmazien kasua jarri dute: “Farmazia batek, adibidez, ezin izango luke Ziurtagiriaren bigarren edo hirugarren maila eskuratu bezerooi ematen diguten irakurtzeko informazio guztia euskaraz ez egoteagatik, botiken kutxa eta prospektua kasu”. Egoera arautzeak zailtasun hauek erraztuko lituzkeela adierazi dute Kontseiluko bozeramaileek.

Bestetik, dekretu-proiektuak jasotako ‘konpromisoaren zigilua’ aipatu dute Kontseiluko ordezkariek. Horren harira, beste ziurtagiri bat ote den galdera luzatu dute bozeramaleak. Zigilu horren bidez egitea proposatzen dena Bai Euskarari Ziurtagiriak egiten du orain dela 8 urte. "Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek euskararen normalizaziorako prozesu bat garatzen ari direla adierazten da. Gainera, konpromisoa adierazteaz gain ‘zerbitzua euskaraz’ edo ‘zerbitzua eta lana euskaraz’ ematen duten adierazten du”.

Erantzun

Sartu