Datorren asteartean, hilak 23, egongo da liburudendetan Harry Potter sortako 6. liburu euskaratua: Harry Potter eta Odol Nahasiko Printzea. Iñaki Mendiguren dagoeneko itzultzen ari da sortako azken liburua, 7.a, eta 2008. urteko Durangoko Azokarako egongo da kalean hura.
Uztailean iragarri genuena baino apur bat beranduxeago dator liburu hau. Aurreko bostak bezala, Iñaki Mendigurenek euskaratu du, eta egun hauetan banatzen ari dira, liburudendetan asteartean egon dadin.
Azalaren ilustrazioa, erantsitako irudi honetan duzue (210 Kb).
Sareko Elkar Megadendan oraindik argitaratzekotan ageri da, baina eskaera egin daiteke.
JK Rowling idazlearen sorta 7. liburukiarekin bukatu da, eta ingelesez udan argitaratu zen hori: Harry Potter and the Deathly Hallows. Euskaraz nola itzuliko den ez dakigu, baina Iñaki Mendiguren dagoeneko lanean da. 2008. urteko Durangoko Azokarako egongo da kalean, seguruenik.
Frantsesez otsailean agertuko da 7. liburuki hori (Harry Potter et Les Réliques de la Mort), ez dakigu noiz gaztelaniaz. Oraingoz, itzulpen bakarra du ingelesetik kanpo, turkierazkoa, aste honetan bertan kaleratua. Frantsesez 16 urteko mutil batek bere kasara itzuli zuen eta sarean jarri zuen: Frantziako argitaletxeen salaketa baten ondoren, mutila atxilotu ere egin zuten gau batez, azkenean ez dute kargurik jarri haren kontra baina itzulpena kendu egin zuen saretik.
Filmei dagokienez, 5 liburu pantailaratu dira orain arte.
Erantzun
Sartu