Teknologia albisteak

Uxue Alberdi: "Gure poz eta miserien deskribapena egiteko erabili dut urruneko herri bat"

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Elkar/Normalak bagina bezala
2007-02-16 : 11:02

Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bere lehenengo liburua kaleratu du: Aulki bat elurretan, Suedian giroturiko ipuin-bilduma, Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar-ek idazle gazteentzat antolaturiko Igartza bekaren laguntzaz idatzia.

Orain dela ia bi urte bekarako proiektua aurkeztu, gero irabazi, testuak idatzi, argitaratzeko prestatu... Luze jo dizu? Zelakoa izan da prozesua?

Ipuinen erdia-edo Suedian nintzela idatzi nuen, eta beste erdiak idazteko urtebete osoa izan nuen. Ez da lan handiegia izan, ipuin laburrak direnez, ez baitu konstantzia handirik eskatzen. Hori bai, baneukan proiektu hau aparkatu eta beste batzuetan murgiltzeko gogoa. Gainera, arraroa zen Suediako garaia amaitu ondoren hari buruz idazten jarraitzea. Berriz bidaiatzeko balio izan dit, mentalki bada ere.

Lehenengo liburua duzu, baina ez zara kulturgintzan hasiberria. Hainbat sari irabazi eta hainbat saltsatan ibili ohi zara.

Gaztetxotatik idazten dut eta beti gustatu izan zaizkit bertsoa eta literatura. Azken urteotan, gainera, gehiago sustraitu zaizkit bi afizio horiek: bertso munduko lagunak egin ditut, idazteko denbora hartzen dut, buruan bueltaka dauzkadan proiektuak gauzatzen saiatzen naiz� Egia esan, nire bizimodua neurri handi batean bertsoaren eta literaturaren inguruan eraikitzen dut. Itzultzailea naiz orain ofizioz, baina lana denbora erosteko bitartekoa baino ez da niretzat, denbora, gustatzen zaidana eginez gozatu ahal izateko.

Bertsoa eta literatura aipatu dituzu. Zer ematen dizu literaturak bertsoak ez duenik? Eta alderantziz?

Literatura intimoagoa da, eta bakartiagoa. Istorioak buruan bueltaka dituzu eta askotan zure bizimoduaren parte bilakatzen dira, baina inork ez daki zuretzat hain garrantzitsua den horren berri. Hori gogorra da batzuetan. Bertsoa sozialagoa da eta azkarragoa, bat-batekoagoa. Baina bertsotan ezin dugu beti nahi duguna esan, neurriak, gaiak eta momentuak baldintzatzen zaitu. Literatura askeagoa da alde horretatik, hausnarketarako bidea ematen du eta nahi duzuna nahi duzun moduan esateko aukera ere bai. Ni biek aberasten naute, eta elkar konpentsatzen dute gainera: biak behar ditut.

Ez dakit ipuin-liburu hau genero berri baten abiaburutzat har litekeen: Erasmus-literatura. Zer aldatzen du pertsonaren bizitzan urtebete kanpoan pasatzeak?

Ez dut uste nire liburua genero horretan sailka daitekenik: oso gutxi aipatzen da Erasmus giroa. Baina urtebete kanpoan pasatzeak, Erasmus bekarekin edo bestela, gauza asko aldatzen ditu: norbere burua betiko testuinguruak ematen dion definiziorik gabe ezagutzen laguntzen du; ezinbestean irekiago bilakatzen zara; gizarteak ezartzen dizkigun mugak beste era batean bizitzen dira, lausoago bilakatzen dira; begiak irekita irteten zara kalera� Nik denbora libre asko izan nuen Suedian, bakarrik ere inoiz baino denbora gehiago pasa nuen, eguraldia maiz etxean geratzeko modukoa zen� ideala izan zen idazteko.

Suedia izan duzu abiapuntu, gai-emaile eta nolabaiteko lokarri. Nola definituko zenuke herrialde hori, lerro gutxitan?

Badira bi urte handik itzuli nintzela, baina gogoratzen dudanetik, paisaiak ikaragarri ederrak dira, hotzak, zuriak, geldiak (uste dut hori liburuan askotan antzematen dela. Han askotan esaten genuen, "Suedia ez dabil, dago"). Laku izoztu bat bezalakoa da Suediako negua: lehen begi-kolpean ez da mugimendurik antzematen, azpian egon badagoen arren. Eta gero udaberriko leherketa iristen da eta dena lehertzen da: loreak, lakuak eta pertsonak.

Gizartea, berriz, oso indibidualista da: suediarren %70 bakarrik bizi da, familia ereduak ez du hemengoarekin zerikusirik, gizon-emakumeen rolak eta beren arteko harremanak ere desberdinak dira. Eta Suedian zaudenean denak ondo funtzionatzen duela ematen du: burokraziarik ez dago, unibertsitateko tramiteak 2 minututan egiten dira. Baina dena estaltzen duen elurra urtzean, eskaleak, alkoholismoa, giza harremanen porrotak, depresioak� ateratzen dira azalera. Hori islatzen saiatu naiz, gazia eta gozoa, nire begirada subjektibotik, betiere.

Suediartasuna duzu askotan mintzagai, baina, hainbat alderditatik, han kokatzen dituzun istorioak hemen gertatuak ere izan zitezkeen, berdin-berdin.

Bai, hori da. Ni konturatu nintzen, eta irakurlea konturatuko da, urruneko herri horren deskribapena geure miserien eta pozen deskribapena egiteko erabili dudala. Aitzakia bat baino ez da azkenean: nik inporta zaidanari buruz idatzi dut, ez Suediari buruz. Aitzakia inportantea, baina aitzakia da Suedia.

Gazi-gozoak aipatu dituzu, eta horixe dela, esango nuke, istorioek uzten duten gustua. Nahita bilatutako efektua da? Berez atera zaizuna?

Gozoen alderdi gazia deskubritzea gustatzen zait, baita gazien gozoa ere. Perfektua dirudienari barre egin diot, eta akatsak diruditen alderdiei goxoki begiratu diet. Ironiara jotzen dut maiz, eta idazkera iradokitzailea erabiltzen saiatu naiz. Pertsonen psikologiari buruz ari dira ipuin gehienak, pertsonak dira zentroa. Ilusioak, frustrazioak, maskarak� Barruko hori atera dut kanpora, eta paisaiarekin nahastu.

Hizkera eta estiloarekin ere esperimentuak egiten dituzu, irakurlea zure jolasaren partaide bihurtzeko edo...

Eta neuk ere jolasteko. Zer da, ba, literatura jolasa ez bada? Nik gozatu egin dut liburu hau idazten, irakurleak zer sentituko duen ezin dut jakin.

Eta hemendik aurrera? Proiektu berririk bai, kontatzeko moduan?

Idazten jarraitzen dut. Ipuin berri batzuk baditut eta eleberri-proiektu bat ere bai, idazten hasita. Baina oraindik ez dakit zer forma hartuko duten. Ez dut uste idazteari sekula utziko diodanik, bete egiten nau, behar dut. Gaixo nago alde horretatik, baina zoriontsu egiten nau.

Erantzun

Sartu