Teknologia albisteak

18. mendeko antzezlana, berriro Arrasaten eta Aramaion

Erabiltzailearen aurpegia
txema - doke antzerki taldea
2006-12-07 : 09:12

Euskarazko lehen antzezlana izan zen, nahiz eta erdarazko izenburua izan: Actto para la Noche Buena, Ignacio de Barrutiarena. XVIII. mendeko lana, XX. mendean bi aldiz bakarrik antzeztu izan zen. Orain berriro, abenduaren 16 eta 17an, Arrasaten, eta 23an Aramaion, Doke Antzerki Taldeak antzeztuko du.

Arrasateko Doke Antzerki Taldeak antzeztokietara eramango du abenduaren 16, 17 eta 23an Pedro Ignacio de Barrutia aramaioar-arrasatearrak XVIII mendean idatzitako Actto para la Noche Buena obra. Oraingo hau da arrasatear talde batek Barrutiaren antzez lana ekoizten duen lehen aldia.

Actto para la Noche Buena Arrasaten eskaintzeko idatzi zuen, Aramaion 1682an jaiotako egileak. Eta obra hori da Euskal Herrian euskaraz ezagutzen den lehen antzerkia. Oso gutxitan antzeztu da eta XX mendean bina aldiz bakarrik taularatu zen Arrasaten eta Aramaion. Doke Antzerki Taldeak abenduren 16 eta 17an aurkeztuko du obra Arrasateko Amaya Antzokian, eta 23an Aramaioko Kultura Etxean. Taldekideen asmoa da beste zenbait herritara ere eramatea.

Doke Taldea duela urte bi sortu zen, “Eskuak elkarri” antzezpen musikatuaren ingurura bildutako zenbait lagunen ekimenez. Eta urtebete bat daramate bigarren obra hau prestatzen ari, Gasteizko Itziar Rekalde zuzendariarekin. Kideentzat oso erronka handia gertatu da, gehienok ia-ia zerotik abiatzen baitziren euren antzerki formazioari dagokionez. Ekoizpen honetarako obrak eskatzen duen musika berezia enkargatu behar izan dute Doke-koek eta lan horretan Sabin Salaberri aramaioarrak lagundu du, bera baita abestien egilea.

Doke Antzerki Taldeak Arrasateko Udalaren babesa izan du lehen unetik obra hau prestatu ahal izateko. Halaber, Aramaioko Udalak modu berezian lagundu du. Doke Taldeak, bestalde, telebistarako ekoizpenaren ardura ere hartu du bere gain eta horrela taldekideen esku geratzen da telebista formatoan zein DVD edo beste euskarritan eskaintzeko eskubidea.

Doke-koek kontuan izan dute emanaldi hauetarako gazteen presentzia eta inguruko Ikastetxeetara jo dute, haiek sarrera doakoa izan dezaten bidea irekiz. Oso garrantzitsutzat jo dute taldekideek gazteei aukera ematea euskal literaturaren hari bitxia den Actto para la Noche Buena-ren mamiaz jabe daitezen.

Arrasateko emankizunetarako sarrerak abenduaren 11an jarriko dira salgai Amaya Antzokiaren takilan, 10 eurotan.

Erantzun

Sartu