Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak oiartzungo ahozko ondarea jasoko du. Oiartzuarren baitan
izena jarri dion proiektu honekin herriko aiton-amonengana joko du beren testigantza jasotzeko, eta datu base batean jarri ondoren, aditu eta herritarren eskura jarriko du.
Oiartzuarren baitan izena jarri diogun proiektu honen helburua Oiartzungo ahozko ondarea jasotzea da. Hau da, Ttur-tturrek Oiartzungo jende nagusiari elkarrizketak egin eta grabatu egingo ditu. Datu-base batean sartu eta antolatuko du. Herriko euskalkia eta memoria-kolektiboa ikerlari eta herritarrentzat eskuragarri utziz.
Izena ere, hortik dator. Batuaz, baitan hitzak barruan eduki edo esan nahi du. Baina Oiartzunen badu beste esanahi bat. Alegia, norbaiten baitan esaten denean, delako horrek esandakoaren arabera edo esan nahi dugu. Guk, ahozko ondare horrekin, gure aiton-amonen bizipenak jasoko ditugu, hau da, ttikitatik hasi eta gaur egun arte bizitu dutena nola bizitu duten: ohiturak, harremanak, giza eta politika aldaketen eragina, bizimodua... eta beren jardunean, jakina, beren/gure euskalkia erabiliko dute. Beren herri-hizkera bizia, beren komunikazio tresna. Beraz, memoria-kolektiboa lekukoen beraien, protagonista beraien baitan jasoko dugu. Beraiek lehen pertsonan kontatua eta beren ikuspegiarekin gainera.
Kontutan hartu behar dugu, gure aiton-amonak, edo gurasoak -alegia, 80 urte inguruko herritarrak- XX. mende hasieran jaioak direla, mende horretan Europan aldaketa teknologiko eta sozial nabarmenak egon dira. Beraien guraso eta aiton-amonen bizimodua ez zen beraiek bizitu zutenetik oso ezberdina, baina beren seme-alaba eta bilobena aldiz asko aldatu da. Eta beraiek, gure aiton-amonak, oraindik ondoan ditugunak, horren lekuko dira. Zein beraiek baino egokiagoak bi mundu horiek ulertu ahal izateko? Ez dugu ahaztu behar gainera, ahozko transmisioan hezitako azkeneko generazioa dugula honako hau. Teknologiak aurrerapen asko ekarri ditu, baina zoritxarrez, sutondoan seme-alabetara transmititzen ziren ipuin, kontakizun eta berriketaldiak desagertzen joan dira.
Gure aiton-amonengana joko dugu eta beren bizipenak jasoko ditugu, beren testigantzara irekiko gara. Bideoz grabatuko diegu eta datu base batean digitalizatuta gordeko dugu. Eta kontsultatarako prestatuta utziko dugu. Hau da, bai antropologo, bai historiagile, bai hizkuntzalari edo beste edozein ikerlariek. Eta baita, irakasle-ikasle, gazte-zahar, aditu ez aditu... herritar guztientzako erabilgarri utziko dugu, baita ere. Ordenadore batera joan, nahi dugun gaia, edo hitza, aukeratu, eta horren gainean hitz egiten duten pasarteak ikus-entzun ahalko dira.
Eta gure asmoa da, baita ere, pixkanaka, herrian orain arte egin diren grabazioak -gehienak audio hutsean badira ere- datu base honetan txertatu eta elkarrizketa berriekin batera kontsultagarri bihurtzea. Horrela, gaur egun dagoeneko gure artean ez dauden aiton-amonen lekukotza ere jasota geldituko zaigu.
Proiektu hau aurrera eramateko laguntza asko jaso dugu eta eskerrak eman nahi diegu hemendik. Badihardugu Euskara Elkarteari, bere esperientzia eta baliabideak emateagatik. Oiartzungo Udalari, proiektua diruz laguntzeagatik. Herrian antzeko lanean ibili direnen onespena eta aholkularitza eman diguten denei. Eta laguntza puntuala eman diguten beste hainbestei. Milesker.
Erantzun
Sartu