Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasguneko Liburutegiak azken hilabeteetan artxiboan egindako lana azaldu eta aurrera begira dituen helburuen berri eman du: "Euskal Diasporari buruzko ondare dokumentala biltzea, babestea eta zabaltzea izan behar da gure helburu nagusia".
Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasguneko Liburutegiari buruzko lehen datuek 1960ko harmarkadara garamatzate. Garai hartan hasi ziren Robert Laxalt idazlea, William Douglass antropologoa eta Jon Bilbao, ordurako martxan zen Euskal Ikasketen Programaren babespean, Amerikako Estatu Batuetako euskaldunentzat ez ezik euskal diaspora osoarentzat erreferente izango zen artxiboaren oinarriak finkatzen. Estreinako urte haietan Renora bilduma garrantzitsuak ekartzea lortu zuten Laxalt-ek, Douglass-ek eta Bilbao-k: besteak beste, euskal gaietan aditua zen Philippe Veyrin-en zein Ramon Goñi Nagore-ren artxiboak. Eta urteak aurrera joan ahala handituz joan zen Liburutegiko material kopurua.
Halako batean Laxalt-ek, Douglass-ek eta Bilbao-k ulertu zuten beraien egitekoa amaitua zela; iritsia zen atzetik zetozenei lekukoa pasatzeko unea. Edukiari begira liburutegi sendoa osatua zuten, baina hori guztia egituratzea falta zen.
Hain zuzen, Liburutegiko funtsak ondo katalogatuta edukitzea eta haiek zabaltzea izan da Euskal Ikasgunearen azken urteetako erronka nagusia. Iragan otsailean zentroak Imanol Irizar Liburutegiko zuzendari izendatu zuen, eta behin Renora iritsita bere lehen urratsa izan zen datu base eraginkor bat eratzea. Osasun arazoak tarteko, uda hasieran Euskal Herrira bueltatu behar izan zuen Irizarrek, eta ordutik Nere Erkiaga Xenpelar-eko artxibozaina izandakoa- dabil haren ordezkapena egiten.
Erkiagak zein Liburutegiko gainerako kideak -Michelle Rachal eta Hilda Centeno-, Liburutegiko artxiboaren nondik norakoak zehazten igaro dituzte azken hilabeteak; hau da, kutxetan bilduta zeuden dokumentuak katalogatzeaz gain haien kokagune fisikoa zehazten aritu dira. Era berean, digitalizazio prozesua abian jarri dute, eta informazio guztia jasoko duen datu base bat ere eratu dute. Azken horren diseinuaz Nevadako Unibertsitateko Liburutegi Nagusiko kide den Araby A. Greene arduratu da.
Euskal Ikasguneko Liburutegiko artxiboak biltzen duen materiala lau arlotan sailka daiteke:
Dokumentuak 239 kutxetan banaturik daude, eta ondoko multzotan sailkatu dituzte:
Euskal Herritik Renora etorritako Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko artxibozainak gertutik jarraitu du artxiboaren antolaketa prozesua. Goioganak hilabete igaro du Euskal Ikasguneko Liburutegian, eta katalogazioan parte hartu ez ezik aurrerantzean artxiboak hartu beharko lukeen norabideari buruzko argibideak eta aholkuak eman dizkie Liburutegiko kideei. Goioganaren iritziz, «Euskal Ikasguneko Liburutegiaren helburua izan behar du hemengo (AEB-etako) euskaldunen memoria bihurtzea». Erkiaga ados dago Goioganarekin, eta hurrengo hilabeteetan Liburutegian hiru ildo nagusiren arabera lan egingo dutela esan du: orain arte bildutako materialaren deskribapenetan sakontzen jarraitu, artxiboaren edukia ezagutzera eman horretarako ari dira funts guztiak digitalizatzen; hilabete batzuk barru denak sarean ikusgai egotea espero dute-, eta Diasporari buruzko funts berriak lortu. «Euskal Diasporari buruzko ondare dokumentala biltzea, babestea eta zabaltzea izan behar da gure helburu nagusia», azpimarratu du Erkiagak.
Erantzun
Sartu