Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, besteak beste, Kultur Errota zirkuitua antolatzen du Topaguneak, federazioaren kide diren Euskara Elkarteekin batera. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatuz, hiru helburu lortzen ditu Topaguneak: euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen ekoizpena sustatzea.
Kultur Errota zirkuitua urte osoan eskaintzen du Topaguneak, sasoi bitan banatuta: urtarriletik uztailera artekoa, batetik, eta irailetik abendura artekoa, bestetik. Aurtengoa bederatzigarren edizioa da, eta inolako beldurrik gabe esan daiteke ondo finkatutako ekimena dela, bere ezaugarri nagusiak ondo errotuta dauzkana: kultur eskaintza iraunkorra, kalitatekoa, eta askotarikoa. Askotariko izaera hori hainbat alderditan islatzen da: publiko mota (adin tarte guztietarako ikuskizunak eskaintzen ditu Kultur Errotak), ikuskizun mota (musika, antzerkia, diaporamak, literatura emanaldiak, ipun *kontalariak...). Zirkuituan parte hartzen duten euskara elkarteak ere asko dira: Topagunearen bazkide diren 84 elkarteetatik, aurten 46 izan dira ekimenarekin bat egin dutenak.
Zirkuituan sartzen diren kulturgileen aniztasuna ere azpimarratzeko modukoa da. Besteak beste, honako hauek topa ditzakegu programazioan:
Publikoari dagokionez ere, Kultur Errota ekimen arrakastatsua dela esan daiteke. Urtea amaitzen denerako, 10.000 baino gehiago izango dira zirkuituaren baitako ikuskizunetara hurbildu diren ikus-entzuleak. Urte osoan 190 emanaldi eskainiko ditu Kultur Errotak, iaz baino 24 gehiago. Horietatik 90 eskainiko dira irailetik abendura bitartean.
Bitarte horretan, urtea amaitu arte, lan ildo berri bati ekin nahi dio Kultur Errotak, eskualde zirkuituak sortuz. Zirkuitu horietan eskualde bateko Euskara Elkarteak koordinatzen dira, eskualdeko herrietan kultur arlo jakin bateko hainbat ikuskizunen emanaldiak eskaintzeko. Horrela, bide batez, elkarrengandik oso hurbil egon arren, askotan harreman handirik ez duten Euskara Elkarteak elkarren berri izateko eta elkarlanari ekiteko bideak ere zabaltzen dira.
Aurten, lehenengo aldiz, hiru eskualdetan sortu dira eskualde zirkuituak: Iruñerrian, Durangaldean eta Urolan. Horien balantzea positiboa bada (eta hala izango delakoan gaude), datozen edizioetan gero eta eskualde gehiagotan egingo dira, eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, euskarazko kultur eskaintza sendotzen eta herrietara hurbiltzen joango gara, eta bide batez Euskara Elkarteen arteko harremanak trinkotzeko bidean jarriko ditugu.
Erantzun
Sartu