Sustatu logoa Teknologia albisteak

Oinezak badu webgunea: www.nafarroaoinez.net

Gaurko prentsaurrekoan, Xanti Altzuguren Nafarroa Oinez06-ko koordinatzaileak agertu duen bezala, “Nafarroa Oineza ez da egun bakar batera mugatzen. Urte osoko jarduna da, eta urte osoan zehar lanean dabilen lantaldea handia da”. Hori horrela, webgunea lan hori guztia bateratzeko eta zabaltzeko ezinbertzeko tresna da gaur egun. Gisa horretan, “Nafarroa Oinezekin harremanetan jarri nahi duenak, dagoen tokian dagoela, bide bat zabalik du”.

Unai Aldaz arduratu da aurtengo webgunearen diseinuaz, Aldor Internet enpresako kidea. Joan den urteko webgunea ere berak egin zuen, eta Sakanako ikastolek egindako webgunean oinarritu du aurtengoaren egitura ere. “Alde horretatik berrikuntza gutxi dituen webgunea da, Berara egokitu dugu, eta uneoro berritzeko prest dagoena”.

Bi atal nagusi ditu webguneak, bata Labiaga Ikastolaren ibilbidea, historia eta proiektu pedagokikoaren berri ematen duena, Nafarroako Ikastolen Elkartearen webgunearekin lotura izateaz gain, gainerako ikastolen besten informazioa du (Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz eta Kilometroak) eta Bortzirietako euskararen egoera biltzen du. Bertze ataleanNafarroa Oinezaren gaineko xehetasun guztiak topatuko ditu nabigatzaileak: logoa eta leloaren gaineko informazioa, materialaren denda birtuala (ikusi eta erosteko aukera eskaintzen duena), denda ibiltariaren gaineko informazioa (Nafarroa Oinez materiala non eros daitekeen), ekitaldien agenda eguneratua edota aitzinetik antolatutako oinezen gainekoa. Artea Oinez erakusketa ere modu birtualean bisita daiteke, erakusketa osatzen duten lan guztien fitxarekin, artelanaren argazkia, egilea eta ezaugarri teknikoak zein prezioa daude bertan.

Urte osoko lan horren emaitza izanen da webgunea bera, egunero-egunero elikatzen joanen dena. Hala, oraindik hutsik dauden hainbat atal zehaztu ahala joanen dira osatzen: kanta eta telefonoetarako tonuak, ibilbidea, Bidasoa liburua...

Oraingoz euskaraz eta gaztelaniaz bisitatu daiteke webgunea, baina datozen asteetarako prest egonen da frantsesezko zein ingelesezko bertsioa.



Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu