Orain arte blogari lanetan aritu diren Estitxu Elduaien eta Onintza Enbeita Matrakako kazetariek, beste zortzi blog-kide izango dituzte aurrerantzean matraka.info-n: Urko Aristi kazetaria, Aiert Larrarte TATeko abokatua, Amaia Agirre bertsolaria, Mikel Moreno Kautako abeslaria, Ibon Meñika, Joseba Antxustegi EGIko kidea, Jon Martin bertsolaria eta Lander Garro idazlea.
Webgunea eraberritu zenean agindutakoa bete asmoz, gaurtik aurrera matraka.info-k zortzi blogari berriri zabalduko dizkie bere blogosferako ateak. Batzuk jada iaioak dira kontuotan, Lander Garro kasu, beste blog bat ere bai baitu idazleak. Beste batzuk, ostera, hasiberriak izango dira blog-aren munduan. Kasuak kasu, guztiak ere gogotsu murgilduko dira matraka.info-ren blogosferan.
Erronkari eutsi aurretik, blogarietako zenbaitek jada bota digute enbidoa, euren blogak hartuk duen norabidearen inguruko hainbat pista emanaz. Esaterako, honatx Aiert Larrarte TAT-eko abokatuak 'Hortzetatik Hitzetara' bere blogak izango duen izaeraz esandakoa: Tristea izanda ere, Torturaren gaia jendarteratzeko dauzkagun arazoak direla medio, edozein zirrikitu aprobetxatu behar dugu. Izan ere, ba al daki inork aurten 51 euskaldun izan direla torturatuak?.
Lander Garroren esanetan, berriz, eguneroko bizitzan haserrea, lotsa, beldurra, poza edota lilura sortzen dion horren inguruko testuak idatziko ditu 'Eta Garro nago' blogean. 'Sorbatza' Jon Martin-en blogaren xedea sortze prozesuaren inguruko gogoeta izango da: Norbere garunak erditutako edozerk izango du kabida: bertsoak, literatura, iritziak... sortze prozesuari berari buruzko gogoeta egiteko lekua ere izango da.
Blogarietako bakoitzak bere asmoak, ilusioak, jardunak edo (zergatik ez) zorigaitzak hustu ahal izango ditu bere blogean. Izan ere, blogok ez dira tematikoak izango, libreak baizik. Alegia, blogari bakoitzaren txoko pertsonala izango da, nahi duenaz eta nahi duen moduan lasai idazteko lekua. Baina, hori guztia baina haratago, idazlea eta irakurlearen arteko zubi eta elkargune ere izango da bloga. Izan ere, erabiltzaileek blogarien iritziak ezagutzeaz gain, eurena emateko modua ere izango dute. Irakurri, pentsatu, hausnartu, eta parte hartzeko txokoa izango da.
Erantzun
Sartu