Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa bere hirugarren deialdian idazle batek ez, baizik bik irabazi dute Fernando Morillo azpeitiarrak eta Iñaki Irasizabal iurretarrak, ex aequo.
Bien artean banatuko da lau mila euroko saria, eta idazlan biak argitaratuko ditu udaberrian Elkar argitaletxeak. Hala erabaki zuten aste honetan epaimahaia osatzen zuten hiru idazleek: Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Xabier Mendiguren Elizegik.
- Gloria Mundi du izena Fernando Morilloren nobelak. Espioitzako thriller bat dela esan liteke, generoak eskatzen dituen baldintza guztiekin eta irakurlea harrapatzeko dohain guztiekin: jakin-mina, arriskua, armak, sexu pixka bat, eta ekintza aurrera eramateko erritmo bizia. 1947an hasten da kontakizuna, bonba atomikoa sortu zuen talde berak beste deskubrimendu are ikaragarriago bat egiten duen momentuan; hortik 2003ko Donostiara egingo dugu jauzi, International Physics Center-eko fisikari gazte bat, Mireia Elosegi, ikerketa bitxi bat egiten ari baita, bakarka baina ez berak uste bezain sekretuan∑ Hortik aurrerakoa, liburua argitaratutakoan.
Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) filosofian lizentziatua da eta fisika ikasia, sari ugari irabazia eta komunikabide askotan kolaborazioak egindakoa. Bere liburuen artean aipa litezke: Bila nazatela, Sexu-egunsentiak, Ortzadarra sutan, Izar malkoak nobelak, Erraldoi herrena saiakera, Leonardo da Vinci biografia.
- Burua txoriz beterik titulua du Iñaki Irasizabalen lanak. Pertsonaiazko nobelatzat jo liteke, protagonista-talde bat oso ondo marraztu eta haien gorabeherek osatuko baitute haria, batzuen bizikizunak besteenekin tartekatuz eta gurutzatuz. Hirurogei urte betetzekotan den Alberto, unibertsitateko irakasle alargundua da zentroa, eta haren seme-alabekiko harremanek sortuko dituzte kontaketaren adarrak, bizitzak berak ekarri ohi dituen problemen ingurukoak: bikote-arazoak, hurbil daudenen arteko (in)komunikazioarenak, diru-beharrak∑ Egileak ageri duen sentiberatasuna eta sinesgarritasuna azpimarra liteke pertsonaien psikologia eta bilakaera azaltzeko orduan.
Iñaki Irasizabal Durangon jaio zen 1969an eta Iurretan bizi da gaur egun. Hiru liburu argitaratu ditu azken bi urteetan: Borrokaren baitan, Berebereen alfonbra eta Ezin joan.
Lehiaketa egiten den hirugarren aldia
Augustin Zubikarai idazle handiaren izena daraman nobela laburren lehiaketa honek hirugarren deialdia du aurtengoa. Lehenbizikoan Alberto Ladron Arana iruñearrak irabazi zuen Xake Mate nobelarekin, eta bigarrena hutsik geratu zen. Aurtengo sari ematea otsailaren 20an egingo da Ondarroan, eta lan biak maiatz-ekain inguruan argitaratuko dira.
Erantzun
Sartu