Teknologia albisteak

EAEko Aurrezki Kutxak: hirurak bat?

Erabiltzailearen aurpegia
mikel irizar
2003-10-27 : 09:10

Euskal Banku Publikoa atzera bota zioten Madrilen, eta harrezkero Eusko Jaurlaritzak hartu du helburu BBK, Kutxa eta Vital bat egitea. Hauetan, erakunde publikoek dute gehiengoa, eta bakoitza bere lurraldean lider erabatekoak dira. Tresna izugarria litzateke eragiteko maileguen prezioan edo hiritarren aurrezkian. Hemen ere, koska Araban dago, Vitalen.

Aurreko ahalegina

Aurreko ahalegina

Duela sei/zazpi urte, bazirudien bazetorrela hiru kutxen bategitea. Idoia Zenarruzabeitiak ziurtasun osoa erakusten zuen eta epe zehatzak ere aipatzen zituen. Ordurako burutua zegoen batasuna lurralde bakoitzeko bi kutxa historikoena, probintziala eta munizipalarena. Eta hiru kutxen kontrola zuten Jaurlaritzako alderdiek, nagusiki EAJk. Trabarik somatzen zen goi mailako profesionalen aldetik, argudiatuz teknikoki ez ote zen egoki ote bategitearena, eta agian ezkutatuz bategiteek aginte goienetan eragiten duten beldurra. Hau traba izan zitekeen baina ez oztopo, Batzarretako gehiengoak zirenak zirelako. Hain zuzen, hauetan sortu zen arazoa ustekabean. 1999ko udal hauteskundeen ondorioz, Vitaleko agintea galdu zuen EAJk boto bakar batez eta asmoa bertan behera gelditu zen. Edo ez horrenbeste...

Iralaren etorrera

Xabier de Irala atzerrian jaiotako euskalduna da, Andoni de Irala jelkidearen seme. Denboraren poderioz enpresa gizon talentuduna bilakatu zen AEBtan, eta halako batean Iberiako presidente izendatu zuten. Oso lan ona egin zuen Espainiako hegazkin konpainian, zegoen zulotik ateratzeraino, eta ospe handia du munduko enpresarien artean. Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk eman zion euskaldun unibertsalari saria, aurten Martin Ugalde eta Ainhoa Artetari egokitu zaiena. Eta hara non, bere osperik goienean zegoela, Iralak Iberia uzten duen eta handik gutxira BBKko presidente izendatzen duten. Ez kargu hau txori kaka delako, baina Iberiako lanaren ondoren Iralak lor zezakeen edozein multinazionaletan postu askoz altuagorik. BBKren aukera egin izanak adi jarri zituen belarriak eta neuronak. Iralaren etorrerak beste zerbait iragartzen zuen. Ez zen berandutu jakitea zer.

Kutxen lege berria

Espainiako Gobernuak egiten ditu lege orokorrak eta gero Jaurlaritzak zehazten ditu flekoak. Iaz, Aurrezki Kutxen lege berria jarri zuten Madrilen, eta Jaurlaritzak egokitu zuen gurera. Tartean ezarri zien EAEko Kutxei derrigortasun bat: behin bakoitzaren estatutuak egokitzen zirenean lege berrira, sei hilabeteko epean berritu behar zituzten aginte organoak oso osorik, ez zatika ohi zuten bezala. Zergatik? Aurten berriro tokatzen ziren udal hauteskundeak, eta pentsatzekoa zen bi urte lehenagoko Legebiltzarrekoak ikusita EAJk itxaropena izango zuela Arabako emaitzak hobetzeko eta Vitala berreskuratzeko. Lehen aurreikuspena bete da. emaitzena, eta bigarrena ere beteko balitz, asmo zaharra abiatu ahal izango zen berriro, oraingoan egutegi azkarrarekin. Bide batez, Ibarretxe planaren baitan ondo kokatzen da proiektua, eta tentsio giro honetan Jaurlaritza ausart jokatzeko prest ikusten da. Edo ez?

Aztiarena eginez

Datorren urte hasieran Kutxetako organu berriak osatuta egongo dira. Vitala egon daiteke berriro bategitearen alde, helegiteak helegite. Iralak izango du, honezkero, estrategia gertu. Gehiegitan esan da ez zetorrela fusioa bultzatzera, zerbait egia ez izateko. Dena ondo, posible litzateke 2004an bertan hiru Kutxek sinatzea bategiteko protokoloa eta entitate berria hurrengo urtean sortzea, mugarri bihurtzen ari den menturazko 2005ean. Nire asmakizuna? Ustekabeko txiripa? Ondo landutako estrategia?

Erantzun

Sartu